Gotzon ARANBURU
ARRASATE

Amarauna sarea

Heziketaren atal bat da jolasa, zalantzarik gabe. Beraz, heziketa osatzen duten beste elementu guztiek bezalaxe –eskolak, familiak, internetek…– azterketa merezi du. Zer nolako jolasak? Zer balio sustatzen dituztenak? Zer hizkuntzatan egindako jolasak? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatzen da Amarauna sarea, baina ez da teoriara mugatu: ume eta gazteen aisialdia nola landu erakusten ari dira sareko taldeak, praktikan, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta. «Euskal Herri euskaldun, kritiko, aske eta aktibo batean sinesten dugu», esan digute, haiekin Arrasaten egindako arratsalde-pasan.

Amarauna sareko hainbat hezitzaile. (Gotzon ARANBURU)
Amarauna sareko hainbat hezitzaile. (Gotzon ARANBURU)

Bizkaian sortua da Amarauna sarea, hain zuzen ere Urtxintxa eskolaren baitan, 2009an. Gero Euskal Herrian barrena hedatzen joan da, eta egun Araba eta Gipuzkoa ere hartzen ditu. Ipar Euskal Herrian ari den UdaLeku elkartearekin harreman zuzena du, eta orain Nafarroara zabaltzea du erronka. Bi hitzetan esateko, aisialdi talde ezberdinek elkar ezagutzea eta elkarrekin lan egitea du helburu, baita hezitzaile berriak herrigintzako egitasmoetan trebatzea ere. Topagune bat, azken batean; talde handienek, baliabide eta eskarmentu gehien dutenek, txikiei eta hasiberriei lagundu ahal izateko topagunea, besteak beste. Hauxe da, hain zuzen ere, Laudioko Kirikiño taldeko Ane Amirolak Amaraunari ikusten dion onura handienetako bat: «Diru-laguntzak nola eskatu, jolas tailerrak nola prestatu… hori dena ikasi beharra daukagu guk, talde hasiberria garelako, eta ibilbide luzea daukaten taldeengandik ikasten ari gara». 

Karkabia taldeko Aritz Olabarriaga da Amarauna sareko kideetako bat, eta berak azaldu dizkigu zehatzago Amaraunaren helburuak: «Norbanakoen garapen pertsonala hezkuntzari lotuta dago. Baina ‘hezkuntza’ hitza hau nola ulertzen da? Guretzat, modu integralean ulertu behar da, hau da, heziketa prozesuaren alderdi ‘ez formala’ ere kontuan hartuta, hau da, gelako lau hormetatik kanpora gertatzen dena. Harreman berriak sortu, norberaren sormena azaleratu… hor sartzen da aisialdia jokoan. Aisialdiaren balio askatzaileak kontuan izango dituen hezkuntza sustatzea dugu helburu».

Nola lortu, ordea, egungo gizartean balio askatzaile horiek lantzea? Txatxilipurdi taldeko Aizpea Otxandiano arrasatearraren txanda da: «Jakina, sistema kapitalista eta patriarkala ez dugu gustuko, indibidualismoa, zapalkunta, lehiakortasuna eta kontsumoa bezalako balioak sustatzen ditu-eta. Kirola, esaterako, oso gaztetatik da konpetitiboa gizarte honetan: irabazi, irabazi, balio duena hori dela sartzen diegu buruan umeei. Guraso askok sustatzen dituzte balio horiek, begi bistakoa denez. Eta ez luke horrela izan behar, besterik gabe ondo pasatzeko tresna ere bada kirola, eta balio positiboak trasmititzeko oso egokia. Bada hori, lotura horietatik askatzea bilatzen dugu, pertsona autonomoa eta aske izateko balioak lantzea uneoro. Kritikoak izan behar gara, aktiboak, parekidetasuna praktikatzen dugunak…». Gazteak izan arren, dagoeneko jakitun dira Amaraunako kideak gizarteak –gizarte helduak, hobeto esateko– ez duela oso ondo ikusten jolas egitearen kontu hori. «Bai, badakigu. Denbora galtzea dela irizten diote askok, zeregin hoberik ez duenak egiten duela jolas. Ez da funtsezkotzat jotzen, are gutxiago heziketa tresnaz. Baina hala da, gizakion garapen prozesuan garrantzia aparta du» dio Aizpeak.

Kalean jolas eginez bizi eta hezi

Are gehiago, ikasketa prozesuaren motorra dela uste dute Amaraunakoek, eta norberaren ahalduntze prozesurako ezinbesteko erreminta, mundua behatu eta harremanak sortzeko ezinbestekoa. Horregatik, gaizki irizten diote jolasari espazioa eta lekua kendu izana, balioa kendu zaion bezalaxe. Kaletik aterarazi dugu jolasa, toki itxi eta babestuetan jolasten baitira egun umeak eta gazteak. Beraz, kalea berreskuratzea ere badu helburu Amaraunak, «kalean jolas eginez bizi eta hezi daitezen neska mutilak. Kaleratzean jolasak irabazi egiten du, eta baita kaleak berak ere. Kalea gu gara, herritarrok, bertan sortzen diren harremanak, komunitatea azken batean, hori da kalea».

Orain arte esandoak berdin balio dezake Tolosarako, Toledorako eta Toulouserako. Baina Amarauna Euskal Herriko sarea izanik, hizkuntzaren gaiari garrantzia berezia ematen dio, jakina. Euskara gure hizkuntza izanik, eta gutxituta egonik, honen sustatzea oso da garrantzitsu aisialdi taldeontzako. Izan ere, kide guztiek eta jarduera guztiak euskaraz egiten dituzte. Eta euskal kultura ezagutzea, ezagutaraztea eta babestea ezinbesteko egitekotzat daukate. 

Esan bezala, oraingoz Bizkaian du indar gehien Amaraunak, herrialde honek aportatzen baititu talde gehien sarera: aipatutako Urtxintxa, Gazte Alai (Deustu), Intxorta (Elorrio), Kar-Kabia (Lekeitio), Kimuak (Iurreta), Marixurrike (Atxondo), Txantxiku (Deustu), Xat (Markina-Xemein), Ximelgorri (Santutxu), Zaztaparrak (Arratia) eta Txirrimorraski (Ondarroa). Arabarrak bi dira, Kimuak-atarrabi (Gasteiz) eta Kirikiño (Laudio), eta beste lau gipuzkoarrak, hain zuzen ere Kukumixo (Soraluze), Txipristin (Zarautz), Hara!no (Donostia) eta Txatxilipurdi (Arrasate). Sareko kide da, baita ere, Euskal Udalekuetako Goñiko Etxea, Nafarroan kokatua.

Harremanak landu
 
Batera aritzean, sarean, bi helburu nagusi bilatzen ditu Amaraunak. Batetik, kanpora begira, arlo honetan egiten den lana ezagutaraztea, erakundeen aurrean eragin gune bat sortzea eta hezkuntza komunitatearekin harremana lantzea; bestetik, barrura begira, Euskal Herrian garatzen diren proiektu ezberdinen arteko harremanak erraztea, taldeen artean planteamendu bateratuak aurrera ateratzeko bidea izatea, eguneroko lanari buruzko eztabaidarako eremu bat ahalbidetzea, eta horretarrako guztirako Euskal Herriko aisialdi taldeen arteko gune amankomunak sortzea, fisikoak nahiz birtualak. Tresna birtualak batez ere baliabideak konpartitzeko erabiltzen dituzte, esaterako aterpetxeen zerrenda jarri eta eguneratzeko interneten, baina hezitzaileen arteko harremana bertatik bertarakoa izatea lehenesten dute. Honen adibide, gaur Arrasaten burutzen ari diren bilera hau.

Amarauna zer den bertatik bertara ikusi nahi duenak Zarautzen izango du aukera ederra, larunbat honetan. Egitarau bete beteko jai eguna prestatu dute aisialdi taldeek, eguerdiko 12.00 hasi eta gauerdiraino. Irrien Lagunak, bertso-showa, ipuin kontalariak, erromeria, jolas gunea, azoka, puzgarrien gunea, tailerrak, kalejira eta kontzertuak eguna amaitzeko, Putzuzulo gaztetxean Uluka, Pixontxis, Bidelapurrak eta Atxurre taldeekin, hara hor eskaintza.