NAIZ
AMAIUR

Amaiurko gaztelua egokitzeko lanak amaituta, festa-ekitaldia egingo dute martxoaren 7an

Gaztelua eta inguruak egokitzeko lanak amaituta, Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango Udalak festa-ekitaldi bat antolatu dute datorren martxoaren 7rako, ‘Harritik herrira’ goiburupean.

Auzolanean egin dituzte Amaiurko gaztelua eta ingurua egokitzeko lanak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Auzolanean egin dituzte Amaiurko gaztelua eta ingurua egokitzeko lanak. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

‘Harritik herrira’ goiburupean ospatuko dute Amaiurko gaztelua eta inguruak egokitzeko lanak amaitu izana datorren martxoaren 7an. Udalbiltzak, Amaiurko herriak eta Baztango Udalak antolatuta, festa-ekitaldia egingo dute.

10.00etan hasiko dituzte ospakizunak; mendi-ibilaldi bat egingo da gazteluaren inguruetatik, bertan jazotakoa gogora ekartzeko. 12.00etan izango da ekitaldi nagusia, monolitoan. 14.00etan herri bazkaria egingo dute eta, ondotik, musika emanaldi batez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

2014an Amaiurko herriak, Baztango Udalak, Udalbiltzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, elkarlanean, gazteluaren sarbide eta plataforma berriak eraiki dituzte. «Kultur ondare honek merezi zuen estetika zaindu da eta, dagoeneko, eroso eta seguru bisitatu daiteke», adierazi du Udalbiltzak prentsa ohar batean.

Lan guztia auzolanean egin dute, «monolitoa eraikitzeko aurreko belaunaldiek egin zuten moduan». Guztira, Aranzadiko 38 kidek eta Amaiurko beste 35 biztanlek hartu dute parte. Ondare hau Baztango kultur eta turismo baliabideentzako «erreferente» bihurtuko dela adierazi du Udalbiltzak.

Hala, euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte martxoaren 7ko ekitaldi-jaialdira.