NAIZ
Durango

Elkartasuna eta musika eskutik izango dira larunbatean Durangon

‘40 minutu rock’ izenburupean eta goizean hasita (10.30) elkartasunak eta musikak bat egingo dute Durangon larunbatean. 12 talde izango dira oholtzan: Zea mays, Oliba Gorriak, Los chikos del maiz, Kaotiko, Hesian, Def Con Dos, Iheskide, Anestesia, Betagarri, Governors, Enkore eta Izerdi Gorria. Ikusmina bada jaialdiarekiko, NAIZek sarean egin duen zozketak izan duen arrakasta horren adierazle.

Iazko otsailean Durangoko Landakon izan zen elkartasun kontzertua. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Iazko otsailean Durangoko Landakon izan zen elkartasun kontzertua. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Durangoko Landako guneak presoekiko eta hauen senideekiko elkartasun zita berria biziko du asteburuan. Larunbatean ‘40 minutu rock’ izenburupean dozena bat talde igoko da oholtzara, akordeen erritmoan astebururo izan ohi diren ehunka kilometrotako bidaiak eta 40 minutu eskaseko bisitak gogoan.

Jaialdiak dezente gehiago iraungo du, goizetik hasiko baitira lehen musika kolpeak. 10.30ean irekiko dituzte ateak eta hortik aurrerakoan etenik gabe jardungo dute 12 musika taldek. Eskaintza ia gustu guztietarako. Bertan izango dira Zea mays, Los chikos del maiz, Kaotiko, Def Don Dos, Hesian, Iheskide, Anestesia, Betagarri, Governors, Enkore, Izerdi Gorria eta Oliba Gorriak.


Ariko diren taldeen lagin bana NAIZ AGENDAn, lehena Oliba Gorriak taldeak jaialdira begira egindako bideoklipa.

Sarrerak aurrez erosi ahal dira hainbat herritan ezarritako salmenta lekuetan (webgunean informazioa) 15 euroan (egunean bertan 18 euro balioko dute sarrerek). Bertaratu ezin duenak jaialdiaren berri izan dadin jarraipen berezia egingo du antolakuntzak.

NAIZ babesle

Bertaratu ezean NAIZek ere jaialdiaren berri emango du modu berezian, kontzertuen argazki, kronika eta bideoekin. Jaialdiak ikusmina sortu du eta horren adierazle NAIZek internetez egin duen 50 sarreren zozketan milaka gaztek parte hartu duela. Harpideei dohainik bertaratzeko aukera eskaini zien hedabide digitalak eta ehunka izango dira aukera hori baliatuz Landako gunean izango direnak.