NAIZ
BILBO

«Pertsonak eta ez bankuak» erreskata daitezela aldarrikatu du EH Bilduk Katainenen aurrean

Europako Batzordeko presidenteorde Jyrki Katainen Bilboko Euskalduna Jauregian ematen ari zen hitzaldia eten dute EH Bilduko zenbait kidek, ikurriña eta Greziako bandera eskutan hartuta, «pertsonak eta ez bankuak» erreskata daitezela aldarrikatuz. Kanpoaldean, Troikaren eta TTIParen aurkako protesta burutu dute.

EH Bilduko legebiltzarkideek Euskalduna Jauregian egin duten protesta. (@DanielMaeztu)
EH Bilduko legebiltzarkideek Euskalduna Jauregian egin duten protesta. (@DanielMaeztu)

Enplegu, Hazkunde, Inbertsio eta Lehiakortasuneko arduraduna den Katainen Bilbon izan da, «Juncker Plana» bezala ezagutzen den Europako Batasunaren inbertsio proiektuaren berri emateko.

Euskalduna Jauregian egin duen hitzaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da.

EH Bilduko zenbait legebiltzarkidek protesta egin dute, Katainenen hitzaldia moztuz. Greziako bandera eta ikurriña eskutan hartuta, «pertsonak eta ez bankuak» erreskata daitezela aldarrikatuz. Kanporatu egin dituzte.

Bere hitzartzean, Katainenek txalotu egin ditu Gobernu espainolak burutu dituen «ezinbesteko» erreformak eta gaineratu du «etorkizunean asko dagoela egiteko».

Bitartean, Europako Batzordearen presidenteordearen bisita aprobetxatuz, eragile politiko, sozial eta sindikal ugari biltzen dituen TTIParen aurkako plataformak elkarretaratzea egin du Euskalduna Jauregiaren atarian. «Troika kanpora!» zioen pankarta batekin, «Juncker plana» eta Europako Batasuna eta AEBen arteko TTIP merkataritza itunaren aurka agertu dira.

Troikaren eta haren inguruan dauden multinazionalek inposatutako politikak langabezia, pobrezia eta eskubide eta askatasun sozialen zapalkuntza areagotzen dutela salatu dute manifestariek.