NAIZ
DONOSTIA

2,29 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Aldundiak euskararen erabilera soziala hedatzera

Gipuzkoako Alundiaren Euskara Zuzendaritzak diru laguntzen deialdia zabaldu du. Guztira, 2,29 milioi euro bideratuko ditu euskararen erabilera soziala hedatzeko proiektuak finantzatzera, eta lantokietan praktikak euskaraz egiteko diru-laguntza lerro berria sortu du.

Zigor Etxeburua, Aldundiko Euskara Zuzendaria, eta Kepa Altube, Lanekiko kudeatzailea. (GIPUZKOA.NET)
Zigor Etxeburua, Aldundiko Euskara Zuzendaria, eta Kepa Altube, Lanekiko kudeatzailea. (GIPUZKOA.NET)

2.289.089 euro xedatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean euskararen erabilera soziala hedatzeko proiektuak eta egitasmoak finantzatzera. Guztira, zortzi diru laguntza mota eskainiko dira, Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendariak adierazi duenez.

Gaineratu du diru-laguntzen mailan aurreko urteen parean egongo dela, «murrizketarik gabe». «Diru zenbatekoaren aldetik esanguratsuak dira, izan ere, %57a euskarazko hedabideentzako izango dira», azaldu du. %23,3a, berriz, herrialdeko udalek euskararen aldeko politika publikoak kudeatzeko izango dituzten baliabideak finantzazeko bideratuko direla gaineratu du.

Aldundiak zabaldu berri duen diru-laguntza proposamenak berrikuntza bat dakar: Lantokiko Prestakuntza modulua euskaraz egiteko aukera eskaintzen duten enpresentzako laguntza lerro berri bat hain zuzen.

«Gipuzkoako enpresei laguntza eman nahi diegu, errazago izan dezaten ikasleen praktika aldia euskaraz eskaintzea», adierazi du Etxeburuak.

Egun, ikasleen %40a da praktikak euskaraz egiten dituena, nahiz eta Lanbide Heziketako ikasleen %83 agertzen den prest.