NAIZ
URRUÑA

Daniela Albizu idazle urruñarra zendu egin da

Kulturaren arloan erreferente nagusietako bat galdu du Urruñak Daniela Albizu idazlearen heriotzarekin. Astelehenean izango da ehorzketa, 14.30ean.

Daniela Albizu idazle urruñarra.
Daniela Albizu idazle urruñarra.

Kazeta.eus-ek jakinarazi duenez, ostegun honetan zendu da Daniela Albizu Berasategi idazlea. Astelehenean, martxoaren 2an, egingo da hileta elizkizuna.

Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an. Aita Leon Albizu Perez de San Roman arabarra zuen, Ilarduia herrikoa eta ama Nizeta Berasategi Mintegi gipuzkoarra, Urtsuaran herrixkakoa.

Herriko lehen hautetsi abertzalea, gazte belaunaldi askori erakutsi zien euskara Daniela Albizuk. Idatzitako liburu sorta bat ere utzi du Iturrialdeko apaletan. «Ametsa» izan da idatzi duen azken olerkia, Hatsaren Poesian 2011n argitaratutakoa.

Lau liburu kaleratu zituen: ‘Hiru uhainak, ipuin zahar baten moldapena’ (Elkar, 1979); ‘Lau sasoi, lau ipui’ ipuin bilduma (Maiatz, 2003), ‘Ilargi eta hontz sorginen ipuinak’ bilduma (Pyremonde, 2006); eta ‘Iturri-aldeko nere leihotik’ idazlanen bilduma (Maiatz, 2011).

Iheslari bat aterpetzeagatik atxilotua izan zen eta bi hilabetez egon zen preso Fleuryko espetxean.

2011n omenaldia egin zioten Urruñan, bere ibilbidea aitortzeko.