@GARA_rpascual
BILBO

Otsailak 1.649 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Urtarrileko datuekin konparatuta, 1.649 lagun gutxiago zeuden otsailaren amaieran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Orotara, 219.944 langabe daude Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako.

Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera, langabeziak behera egin du otsailean Hego Euskal Herrian. Otsailaren amaieran, 1.649 pertsona gutxiago zeuden Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta.

Guztira, 219.944 pertsona zeuden otsailaren bukaeran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Herrialdeka, Gipuzkoak izan du jaitsierarik nabarmenena, urtarrileko datuen aldean, %1,09 behera eginda (516 langabe gutxiago). Iazko datuekin konparatuz, %4.30 egin du behera langabeziak herrialde horretan (2.114 pertsona). Guztira, 47.038 lagun daude Gipuzkoako enplegu bulegoetan izena emanda.

Nafarroan, %0,77 egin du behera langabeziak otsailean (379 langabe gutxiago). 2014ko emaitzekin alderatuta, herrialde honek izan du jaitsierarik nabarmena, %7,60koa, hain zuzen (4.033 langabe gutxiago). 49.049 pertsona ari dira lan bila Nafarroan.

Bizkaian, 709 langabe gutxiago utzi ditu otsailak (%0,73). Iazko datuen aldean, %2,92 egin du behera langabeziak, hain zuzen, 2.906 pertsona zerrendatatik aterata. Langabezia erregistratua, beraz, 95.938 pertsonatan dago zehaztua Bizkaian.

Jaitsierarik apalena Araban eman da, %0,16 behera eginda (45 lagun). 2014 datuen aldean ere oso apalak dira datuok, %0,43koa izan delako jaitsiera (121 pertsona). 27.919 pertsona zeuden otsailaren amaieran Arabako enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu mailan, 13.538 langabe gutxiago utzi ditu otsailak. Guztira, 4.512.153 daude Estatuko enplegu bulegoetan izena emanda.