Jon Benito - 7K
DONOSTIA
Elkarrizketa
Antoni Gutierrez Rubi
Komunikazioan aditua, aholkularia eta idazlea

«Sentitzen duguna pentsatzen amaitzen dugu»

Antoni Gutierrez Rubi itzalean aritzekoa izan da orain gutxira arte. Begiak erne, belarriak zorrotz, burua argi: perspektiba gorde, adibideak ikusi, hitzak neurtu. Kataluniako hiru presidenteen (Pujol, Maragall, Montilla) aholkulari izandakoak egun Hego Amerikako sei estatutan komunikazio estrategiak garatzen dihardu. Denbora batetik hona itzalean ez ezik, argitan ere badabil, hainbat hedabidetan bere analisiak irakur baitaitezke. Egindako azterketen sintesi gisa, “Micropolítica. Ideas para cambiar la comunicación política” eta “Filopolítica: filosofía para la política” liburuak ditu, besteren artean, bere bibliografian aipagarri. Osoigo.com atariak gonbidatuta hurbildu zen Donostiara.

Antoni Gutierrez Rubi. (Conny BEYREUTHER)
Antoni Gutierrez Rubi. (Conny BEYREUTHER)

Hauteskunde lehia kontzeptu eta etiketen ezarpenera mugatu dela esaten duzu. «Framing»-en gatazkan gaude?
Hauteskunde lehian etiketen bidez komunikazio markoak eraikitzea oso ohikoa da gaur egun. Etiketak laburbideak dira, konplexua den errealitate baten ulermena azkartzen dute eta, zentzu horretan, dekodifikatzaileak dira. Begirada baldintzatzen duten betaurreko batzuen antzekoak dira, eta begiratzen den hori distortsionatu egin dezakete, baina, batez ere, erakutsi nahi den proposamen, ekarpen edo adierazpena erraztu eta berehalakotu egiten du, sinplifikatu egiten duenez. Hori horrela, bere aurkari politikoak modurik inteligenteenean etiketatzen dituenak eta etiketa hauek hautesleen garunean eraginkortasun handienaz ezartzen dituenak irabazten du joko honetan. Hautesleek ere, euren aldetik, etiketen laburbidea erabiltzen dute, une oro hausnartzen eta ebazten ibili beharrik gabe, eragile bakoitza zer proposatzen ari zaion irudikatzeko. Ekuazio berez konplexu bat askatzeko modu arin eta bizkorra da azkenean hau.

Ze paper jokatzen dute marko joko horretan ohiko hedabideek?
Modu akritikoan aritzen dira gehiegitan. Oso erraz baliatzen dituzte estrategia politikorako laborategietan pentsatutako etiketak, eta erreproduzitu ahala, naturaltasun eta sinesgarritasuna ematen diete horiei. Hedabide tradizionalek, halere, modu akritikoan bakarrik ez, marko eta etiketa horiek ikusgarritasun eta audientzia arrazoietan oinarrituta baliatzen dituzte.

Eta nork sortzen eta hauspotzen ditu marko horiek?
Ez dago sortzaile definitu bat. Eta hauek ez direnez beti aurrez pentsatu eta hausnartuak izaten, aukeren kudeatzaileak izan ohi dira etiketa onak erabili ohi dituztenak. Batzuk hor eta hemen daude eta une jakin batean fokua jartzen zaie, berezituz eta arreta emanez. Frame edo etiketarako aukera asko daude eta marko egokia azkarren ebazten duen alderdiak asko irabazi du. Erabaki horretan, hizkuntzak eta hizkuntzari loturiko irudiek duten indarraren kontzientzia izatea oso garrantzitsua da. “Kasta” hitza adibidez: alderdi eta eragile guztiek zuten eskura, hiztegietan gordetzen zen, ez zen hitz berri bat.

Baina orain arte hiztegi politiko modernoan zeuden kontzeptu eta ardatz batzuekin hausten du.
Baina hitz hori ez da asmazio bat. Testuinguru honetan eta erabilera zehatz batekin ezarritako guztiarekin hausten du. Lantzen hastean, ordea, hitz horri loturiko irudiak ere kritika politikorako oso sugerenteak direla ohartzen da bat. Beraz, ez da hitza bakarrik. Hitza eta irudia da, bere metafora eta ahalmen bisual guztiarekin.

Eta bere iraganaren kargarekin.
Hori ulertzea eta diseinatzea, horren erabilera inteligentea egitea da egungo politikaren erronka nagusietako bat.

Baina mezuaren gehiegizko sinplifikazioa propagandaren giltzarrietako bat ere bada, aldi berean.

Ez dago argi non amaitzen den framinga eta non hasten den propaganda. Etiketa batek, hedabideen indar eta sakontasunaren arabera, eragin pedagogikoa, ilustratiboa edo diskurtsiboa izan dezake ala soilki propagandakoa; Propaganda eta komunikazio politikoaren arteko mugak, lausoak eta mugikorrak baitira, biak batera. Baina, dena dela, marko, framing edo etiketaren eztabaida, hauteskundeetan duen eraginkortasuna ikusirik, ez da bigarren mailako gako bat.

Sinpletze horrek politika espektakulura murriztu du ez gutxitan. Telebistako tertulia batzuk ikusi besterik ez dago. Zer dela-eta gertatzen da fenomeno hau?
Estatu espainolean lau orduz ikusten du telebista, batez beste, herritar batek. Beraz, telebistak, bere eskaintza guztiarekin, gure bizitzako zati garrantzitsua hartzen jarraitzen du. Aldi berean, Youtuberen bidez, adibidez, milaka dira, telebistarik gabe, ikus-entzunezko edukiak ikusten ari diren herritarrak. Azkenik, hurrengo bi urteetan, Interneten egongo diren edukien hiru laurdenak ikus-entzunezkoak izango direla aurreikusten da. Hartzaile edo mezu sortzaile izan, ikus-entzunezkoak garrantzia izugarria duen gizarte batean bizi gara. Testuinguru honetan, eta kateen gehiegizko konpetentzian, lehia politikoa ikuskizun ere izan daitekeela deskubritu dute. Eta ikuskizun horrek, era berean, audientzia onak dituela egiaztatu dute. Eta, jarraika, ikuskizun izateko, ezaugarri batzuk aintzat hartu behar direla: oihuak arrazoia ordezkatzea, sinpletasunak arrazoiari lekua kentzea, etenaldiek elkarrizketa trabatzea... Ezen ez dago ikuskizunik, norgehiagokarik ez badago. Horrek politika audientzia ezberdinetara gerturatzen du, baina, aldi berean, beharrezko duen hausnarketatik aldentzen du.

Zentzu horretan, politika norgehiagoka bada, zerbaiten alde ala zerbaiten aurka bozkatzen da? Ala biak batera?
Hauteskundeak ez dira inori eskerrak emateko. Hautesleek ez dute, esker oneko, «gauzak ondo egin dituzu eta berriz hautatuko zaitut» adierazteko bozkatzen. Hauteskundeetan ez dago justiziarik edo honen ideiarik. Herritarrek bi arrazoigatik bozkatzen dute: promesagatik edo zigortzeko. Alegia, sinetsi edo zigortu egiten dute, ez saritu edota eskertu.

Eta nola gurutzatzen dira arrazoiak eta emozioak konfiantza emate edo zigortze horretan?
Tentsioarekin. Datorrenaren ilusioa, beti, atzean geratzen dena baino garrantzitsuagoa izan ohi da. Behin baino gehiagotan, legegintzaldi on bat bete izan duten hautagaiek hauteskundeak galdu egin dituzte, eskaintzarik gabe geratu direlako edota akatsen bat egin eta herritarrek bizkarra eman dietelako. Hor emozioek paper garrantzitsua jokatzen dute. Hautesleek euren iritzia kontuan hartua izan ez dela nabaritzen dutenean, edo euren iritziari edo arazoei bizkar eman zaiela uste badute, lezioa emateko gogo handia izaten dute. Botoa politikariei kokoteko bat emateko modu bat ere bada, herritarren neke edo asperdura erakustekoa.

Jendea interesak mugitzen duela, ez geolokalizazioak, esan ohi duzu.
Alderdi politikoek ondorio azkar eta sinpleegiak ateratzen dituzte hauteskundeetako emaitzetatik. Kokapen geografiko eta sozio-ekonomikoek datu batzuk ematen dituzte, eta gaur egun, non bizi den eta ze egoera sozialetan aurkitzen den jakitea garrantzitsua da, baina ez da nahikoa, jendearen behar, motibazio, komunitate eta interesak jakiteko. Azken sasoietako berrikuntza gisara, lekuaz, egoera sozio-ekonomikoaz eta hauteskunde historialaz gainera, norbere interesak, emozioak, afinitateak, sareak eta kausak ere aztertzen dira, hautesleen soslai zehatzagoa izan eta estrategiak euren nahi eta desioetara doitzeko.

Eta horretan guztian ze paper jokatzen du ideologiak?
Ideologiak asko sinpletzen ditu arazoak: errealitatea zure kontzientzia ideologikotik ikusten duzu eta hau beste laburdura bat da errealitate konplexu honetan. Ideologiarekin ez duzu zalantzarik egiten; balioekin bai. Ideologiak segurtasuna ematen dizu, balioek ñabardurak egitera bultzatzen zaituzte. Ez dut politikan ideologiak hil direnik esango, baina printzipio eta balio politikoek indar handiagoa dutela uste dut. Ideologiak apriorismo ideologiko batzuetan mugatzen gaitu: gu eta haiek, egia eta gezurra, hemengoak eta hangoak... Ideologiak eskaintzen zuen lubaki eskema eroso eta praktiko hori iraganean geratzen ari da, zelai zabaleko lehietan aritu behar izateko: hor ideia eta balioek ideologiak baino garrantzia handiagoa izango dute.

Ideologiatik ideietarako aldaketa ez ezik, bestelako krisi batzuk ere bizi ditu politikak baina.
Krisi nagusienetako bat giza-kapitalari dagokiona da. Talentua izan eta ibilbide bat duten pertsona kualifikatuak politikara edo publikoa denaren kudeaketara erakartzeko zailtasun handiak dituzte alderdiek. Alderdien egiteko nagusienetako bat giza talentu horien artean galbahea pasatzea izan arren, ezintasun nabarmen bat dago hor. Bigarren krisi bat ere badu politikak: eredugarritasunarena. Funtzio publiko eta politikoa modu eredugarrian aurrera eramateko ezintasun agerikoa dago. Pentsatu-esan-egin hirukoan ezin da etenik izan. Esaten duzunaren aurka doan zerbait egiten baduzu edo esaten duzuna ez bada pentsatzen duzuna, eredugarritasuna hondoratu egiten da.

Baina politikaren mugak ere nabarmen ari dira geratzen bestelako eremu batzuetan ere.
Korporazio batzuen ahalmen eta eraginarekin alderatuta behintzat, politikak modu erabakigarrian eragiteko duen ahalmena gero eta murritzagoa izaki, krisi exekutibo nabarmen bat ere bizi dugu. Horri gehitu arazoak aurreikusi, ikusi eta neurtzeko dituen zailtasunak, eta beraz, politikak erantzun eta proposamen egokiak artikulatzeko eta proposatzeko dituen mugak. Ataka honetan, alderdi politikoetatik datorrena gutxitan da berritzailea, beti berandu dator, nekez da erakargarria, ez dago behar bezala hausnartua eta ez da gai ekuazioak aldarazteko. Sasoi eta krisi honetan, politika kausen alde mugiarazten da eta ez ideologiaren alde. Gero eta gehiago, jendeari kausa axola zaio, ez ideologia. Alegia, jendea ez dago jada zerbaitekin ados esaten duenak esaten duelako, kausa eta motibazio horiek partekatzen dituelako baizik. Ideologia erosoa den bitartean, kausa exigentea eta gatazkatsua da. Nik uste, politika kausara gero eta gehiago lotzeko eskaria egiten duela gizarteak. Kausa horiek, gero, lubakikoak izan ordez, transbertsalagoak dira, ardatz ideologikoak gainditzen dituzte eta gai berriei lotuta egon daitezke. Ezinbestean, egoera honetan, garrantzitsua ez da jendea nondik datorren, nora joan nahi duen baizik. Jendearen egunerokora jaitsi behar du politikak, herritarren zoriontasunaz kezkatu behar du: hor zapaldu gabeko zerumuga berriak ditugu. Gai garrantzitsuak, ezinbestekoak daude gaur egun begirada eta proposamen politikorik gabe eta horiek politizatzen ez baditugu, arazo larria izango dugu.

Langintza horretan, hiru agente nagusiak elkarri lotzea ez da erraza, ordea: alderdi politikoak, eragile sozialak, «think thank»-ak...
Alderdiak, bere DNAgatik, ez dira gai izango beren baitan gure gizarteko energia politikoak bereganatzeko. Euren giharra, kapital humanoari dagokionez, asko ari da murrizten. Eragile sozialen artikulazioa, aldiz, oso garrantzitsua izango da. Aktibismo politikoa eragile horietan erakargarriagoa da, bizi laburragokoa nahi bada, baina bizigarriagoa. Borondate gehiago biltzeko ahalmena du, alderdien aldean. Beraz, hauxe da gertatzen ari dena: alderdi batzuek, erakundeetan boterea izan arren, ez dute energia politikorik. Egoera paradoxiko honetan, think thank-ek edo pentsamendu laborategiek gero eta garrantzi handiagoa hartzen dute. Alderdiek gero eta energia zibiko txikiagoa izatean, eta geratzen zaizkien nerbio eta hezurrekin erakundeei eusteko ahaleginean, ordezkari politikoak oinarri sozial txikiarekin eta ezagutza tekniko eskasarekin heltzen dira gobernura. Think-thank-ek politikariek ez duten hausnarketa eta analisi gaitasun hori ordezkatzen dute. Baina ideia eta giharrik gabeko alderdi politikoak gobernuan, boterean, egonagatik, oso zaurgarriak dira, beste eragin batzuen oso menpekoak baitira.

Orduan, etorkizun hurbil batean, zein izango da alderdi politikoen rola?
Hauteskunde prozesuetako eragileak izango dira eta horiek baino indar handiagoa izango dute eragile sozialek.

Hala izatera, eragile sozialen helburua alderdi politikoei presio egiten jarraitzea izango da?
Bai, erabaki eremuetan eragingo dute, baina agenda markatuko dute batez ere: eurek ebatziko dute ze gai diren garrantzitsuak, adibidez. Eragile hauek hedabideekin eta ekosistema digitalarekin harreman estua dute. Hori gutxi balitz, ordezkariak erakargarriagoak dira herritarrentzat. Agenda publikoa markatzeko ahalmena izatea botere handia izatea da.

Eta, honekin guztiarekin, teknopolitikak nola iraultzen du panorama hori?
Ekosistema digitala izango da etorkizuneko paradigma: hau ulertzeko gai ez dena sistema hegemonikotik kanpo geratuko da. Google-k ez du orain arteko kategorien arabera ordenatzen mundua: harremanengatik, besteek zutaz esaten dutenagatik, zure merituengatik kokatzen zaitu. Harremanetan oinarritutako boterearen artikulazio horrek orain arte ezagutu dugun hierarkia politiko guztia eraldatzen du.

Ildo horretan, iritzi publiko berria iritzi partekatua dela esaten duzu.
Nik zer pentsatzen den jakin nahi dudanean, ez dut begiratzen zer dioen egunkari batek, jendeak zer partekatzen duen baizik. Zerbait partekatzea ez da oraindik iritzi bat, baina iritzi bat izateko marko bat eraikitzen du, nik niretzat garrantzitsua den zerbait trukatzen baitut zurekin, azken batean. Gustatu edo harritu nauen zerbait, interesekoa zaidana, berria edo ezberdina dena partekatzen badut, ez dizut zer pentsatzen dudan esan, baina hedatze hutsak hainbat gauza sortzen ditu besterengan... Partekatzea, oinarri emozional batekin pentsamendua sortzea da. Azken batean, sentitzen duguna pentsatzen amaitzen dugu.