NAIZ
Bruselas

Urtzi Errazkin, Etxerat: «Presoen aferan pausorik ez emateak harritu ditu gehien Bruselan»

Etxerateko kideek Bruselara egin duten bidaian, hainbat ordezkari politikorekin elkartzeko aukera izan dute, eta Urtzi Errazkin presoen senideen elkarteko kideak Info7 irratian azaldu duenez, «presoen aferaren inguruan pausorik ez emateak harritu ditu gehien» Bruselan dauden politikariak.

Urtzi Errazkin, Etxerat elkarteko kidea Bruselan dago, eta bertan hainbat Europako Parlamentuko hainbat talderekin elkartu dira, euskal presoek pairatzen dituzten eskubideen urraketen berri emateko. Info7 irratian «irakurketa oso positiboa» egin du atzoko jardunaldiaz, zeinetan 15 bat bilera egin zituzten, eta «harrera oso ona» nabarmendu du.

Azaldu duenez, talde parlamentario ia guztiekin elkartu dira, «ultraeskuindarrak kenduta». Guztien artean, Europako Alderdi Popularreko kide den Frank Engelekin egindakoa azpimarratu du, PP-rekin batera daudelako Bruselako Parlamentuan. «Oso jarrera ona agertu zuen. Harritu egin zen dispertsioarekin pairatzen dugunarekin. Batez ere, presoen aferaren inguruan pausorik ez emateak harritu zuen gehien», adierazi du. Hau dela-eta, «publikoki ez, baina PP-ko kideei galdetu egingo diela» ziurtarazi zien.

Oro har, ordezkari desberdinei eskatu dietena «konpromezua hartzea eta hau hemen ez geratzea» izan da. «Lanean jarraitzea eskatu diegu, haiekin batera neurri konkretuen bila», adierazi du Errazkinek.

Azkenik, «eskubideen urraketa honek suposatzen duena» helarazi dietela azaldu du. Honela, astebururo 900 bat euskal herritarrek «bizitza arriskuan jarri» egiten dutela ekarri du gogora, baina dispertsioak aste guztiko bizitzan eragiten duela azpimarratuz. Ordain fisiko eta sikologikoaz gain, bisitako 370 bat euro gastatzen direla salatu du.