NAIZ
IRUN

Martxoaren 21ean Aniztasunaren Korrikaldia ospatuko da Irunen Korrikarekin batera

EH 11 Kolore ekimenak, Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko egunean, Aniztasunaren Korrikaldia ospatuko du Korrika Irunetik pasako dela baliatuz, euskal jendartearen jatorri eta kultura ezberdinen alde eta euskararekin bat egin asmoz.

Duela bi urteko Korrikako irudia. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Duela bi urteko Korrikako irudia. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 21ean, Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko egunean, Korrika Irunetik pasako da, eta leku hau aukeratu du EH 11 Kolore ekimenak Aniztasunaren Korrikaldia ospatzeko. Bertan egingo diren bost kilometroetan «euskal jendartearen eta kultura ezberdinen alde» egingo dute, euskararen alde korrika egitearekin batera.

Zentzu honetan, gogora ekarri dute «jarrera arrazista eta xenofoboak sustatu» nahi izan direla azkenaldian. Horregatik, arrazakeriaren kontrako ekimenak «euskal jendartea bere jatorriaren edo sinismenaren arabera sailkatzeko eman diren saiakeren aurrean, gure herrian dugun erlijio, jatorri eta kultur aniztasunaren balioaren defentsan jarrera irmoa azaltzera» gonbidatu du gizartea.

Korrika eginez, Euskal Herrian bizi den pertsona ororen «eskubide, aukera eta betebehar berak defendatuz eta aniztasunean eraikiko den bizikidetza» euskaraz izango dela aldarrikatu nahi dute.

Irungo mugako bidetik, martxoaren 21ean, 13:30ean, egingo dute korrikaldia.