NAIZ
BILBO

Martxan da Basklink, Euskal Herri osoko turismo eskaintza biltzeko plataforma digitala

Euskal Herri osoko turismo eskaintza bildu eta sustatzeko plataforma digitala, Basklink.com, abian da. Bide horretan aitzindaria da, zazpi herrialdeetako turismo eskaintza osoa webgune berean biltzen duen aurrenekoa baita.

Basklink webgunea martxan da.
Basklink webgunea martxan da.

Muga administratiboez gaindi, Euskal Herrian barrena erraz eta naturaltasunez ibiltzeko bidaide izan nahi du Basklink.com webguneak bidaiariarentzat.

Ibilbide tematiko eta geografikoak, Euskal Herri osoko ekitaldien agenda, jateko eta lotarako leku zein bestelako zerbitzuen turistikoen direktorioak topatuko ditu bisitariak aipatu webgunean.

«Euskal Herri autentikoa, benetakoa aurkeztu nahi diogu bidaiariari», nabarmendu dute sustatzaileek.

Kanpotik datozen bisitariei zein euskal herritarrei zuzenduta dago webgunea, batzuen zein besteen aisia zabaltzeko asmoa baitu.

Alde batetik, mugaren alde batera zein bestera etortzen diren bisitari atzerritarrei muga gainditzen laguntzeko tresna izan nahi du Basklink-ek eta, bestetik, barne-turismoan ere eragin nahi du, oporraldi labur, asteburu eta zubietarako planak proposatuz.

«Basklink-ek euskal lurralde osoa promozionatzea du helburu, erabiltzaileen aisialdirako aukerak zabaldu eta aberasteko eta turismo sektorean negozio aukera berriak irekitzeko», adierazi dute.