NAIZ
DONOSTIA

Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute, Nairo Quintana partaideen zerrendaren buru delarik

Apirilaren 6 eta 11 bitartean ospatuko den Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute. Urtero moduan, aukera desberdinak eskaintzen dituen ibilbide gogorra aurkituko dute partaideek. Hauen artean, Nairo Quintana, Kwiatkowski, Van Garderen, Peraud edo Mikel Nieve izango dira.

Nairo Quintana, duela bi urte Itzulia irabazterakoan. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Nairo Quintana, duela bi urte Itzulia irabazterakoan. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

2015eko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute Donostiako Amara hotelean. Bertan, jakina zen ibilbidea baieztatu dute, eta ibilbide horietan ikuskizuna eskainiko duten izen batzuk aurreratu. Izenen artean bat agertu da gainontzekoen gainetik, Nairo Quintana kolonbiarra.

Movistar taldeko igotzaileak 2013an irabazi zuen Itzulia eta iaz Giroa irabazi ondoren, Tourrera begira dago aurten. Duela egun batzuk Tirreno-Adriatico lasterketan nazioarteko txirrindularirik onenak garaitu zituen elurpean. Bere ondoan, edo bere aurka, munduko txapelduna izango du. Michal Kwiatkowski poloniarra bigarren izan zen iaz eta edonon irabazteko gai dela behin baino gehiagotan erakutsi du. Aldaparik gogorrenak ditu bere kontra, baina edozertarako gai da.

Iaz Kwiatkowskiren ondoan podiuma zapaldu zuen Jean-Cristophe Peraud frantziarra ere izango da irteera puntuan, hala nola, berarekin Tourreko podiumean egon zen Thibaut Pinot ere. Van Garderen estatubatuarra ere ez da faltako, zeinek gaurkoan Kataluniako Voltako etapa nagusia irabazi duen. 2014ko garailea, Alberto Contador, ez da Bilboko irteeran izango, baina bai bere taldekidea den Rafal Majka.

Etxekoeen artean, Mikel Nieve leitzarrak aukera bikaina izango du Sky taldearen burua hartzeko. Izagirre anaiak eta Anton, lider duten Quintanaren mesedetan aritu beharko dira, baita lasterketa honekin erlazio on eta berezia duen Beñat Intxausti ere. Haimar Zubeldia Tour-gizona ere bertan izango da.

Espero zen bezala, egun guztiek edukiko dute erasorako aukeraren bat, baina batez ere Zumarragan amaituko den hirugarrena, zeinek La Antiguako aldapak izango dituen helmugatik oso gertu eta bostgarrena, Aiako ezinezko aldapetan amaituko dena. Laugarrena, ohi bezala, Arraten amaituko da, eta azkenekoa, sailkapena erabakiko duena, erlojupekoan egingo dute.