NAIZ
BAIONA

Jon Anzaren kasua Parisko epaitegian aztertuko dute apirilaren 1ean

Datorren asteazkenean, apirilak 1, Pariseko epaitegian Jon Anzaren kasuan frantses Estatuak izandako erantzukizunaren inguruan familiak jarritako helegitea aztertuko dute.

Baionan egindako prentsaurrekoa. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS))
Baionan egindako prentsaurrekoa. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS))

Apirilak 1, asteazkenean, Parisko epaitegiak Jon Anzaren familiak jarritako helegitea aztertuko du. Duela urte bete «erresponsabilitatearen gaineko helegite bat» jarri zion Anzaren familiak Estatu frantsesari, Maritxu Paulus-Basurco abokatuak adierazi zuen moduan. Justiziak kasua sailkatua zuen, baina abokatuen lanari esker, ikerketa berriz abiatzea lortu da.

Asteazkenean, abokatuak dosierra defendatzeko parada izanen du Parisko epaitegiaren aurrean. Kasuaren ikerketan agertutako «faltak ezin onargarriak» direla azpimarratzen du. Zentzu honetan, Estatuaren ardura onartua izan behar duela aldarrikatu du Baionan emandako prentsaurrekoan.

Ikerketa judizialak oraindik ez du argitu nola Jon Anzaren gorpuak ia urte bete pasa zuen Okzitaniako Tolosako ospitale bateko hil ganbaran, inork ezer jakin gabe. 2010eko martxoan ohartu ziren haren presentziaz ospitalean.

Inkekerketa judiziala Jon Anza desagertu ondoren, 2009. urteko maiatzaren 18an, ireki zen. Maritxu Paulus Basurcok ikerketa hartan hainbat akats eman zirela nabarmendu du: «Jakin dugu Tolosako ospitaleari egindako eskaera ez zela modu berdinean egin». Hain zuzen ere, Baionako poliziak Tolosako poliziari lan hori egitea eskatu zion eta azken hau telefonoz jarri zen harremanetan ospitalearekin.

Abokatuak adierazi duenez, bere deklarazioan, Tolosako poliziak «norekin hitz egin zuen ez zekiela» defendatu du eta bestalde, ospitaleak «dei horren berririk» ez duela.

Hau dela-eta, kalte-ordainak eskatu ditu Anzaren familiak, 55.000 euro familiako kide bakoitzarentzako.

Jean François Lefortek, Sortuko kidea, salatu egin du «hasieratik bertsio ofiziala ez dela egia izan». Helegite honekin, espero dute desagerpenaren atzean «borondate politiko bat bazela» frogatua geratzea.

Azkenik, apirilaren 1ean Donostiako bulebarrean elkarretaratze bat eginen dela iragarri dute. Hain zuzen ere 12.00etatik 20.00etara auzo elkarte eta eragile politikoek ekitaldi batean parte hartuko dute.