NAIZ
BAIONA

Alain Iriartek bere burua aurkeztuko du Departamenduko Kontseiluko lehendakaritzarako

Alain Iriart abertzaleak bere burua aurkeztuko du ostegunean Depatamenduko Kontseiluko lehendakaritzarako, Infozazpi Irratian jakinarazi duenez. Paueko erakundean Errobi-Aturriko biztanleen arrangurak eta Euskal Herriarentzat instituzio berezi bat defendatzeko lanean jardungo dute bi kontseilari abertzaleek.

Alain Iriarte eta Fabienne Ayensa kontseilari abertzaleak. (Bob EDME)
Alain Iriarte eta Fabienne Ayensa kontseilari abertzaleak. (Bob EDME)

Etzi osatuko da Departamenduko Kontseilua Pauen, eta hiru hautagai izango dira lehendakaritzarako: Jean-Jacques Lasserre zentrista, Marie-Perre Cabanne sozialista eta Alain Iriart abertzalea.

EH Baiko kontseilariak Infozazpin egin dioten elkarrizketan jakinarazi du bere hautagaitza aurkeztuko duela, bozketan bi kontseilari abertzaleek zer egingo dute galdetuta. «Ikusiz gure proposamenak beste taldeek ez dituztela untsa hartzen, pentsatzen dut independente gisa presentatuko naizela, Euskal Herriak eman duen aintzinakada markatzeko eta Euskal Herriko instituzioen beharra markatzeko».

«Badakigu nor izango den lehendakaria, majoritate handi bat bada eskuin eta zentristentzako eta pentsatzen dut gure kandidatura egiteak balioko duela EH Bairen proposamenak defendatzeko», erantsi du.

Independente gisa

EH Baiko ordezkariek, hala, independente gisa jardungo dute Pauen, «gure proposamenak eta Euskal Herriaren proposamenak defendatzeko».

Beren lan ardatzak zein izango diren galdetuta, «lehenbiziko gauza Errobi-Aturriko arrangurak, proposamenak» defendatzea izango dela azaldu du. «Horretarako engaiatu ginen eta hautatu gaituzte, lehenbiziko gauza hori da».

Bigarrena, berriz, «Euskal Herriko problematika, nola ez aipa herri elkargoak bilduko diren instituzione berezia Euskal Herriarentzat».

Iriartek nabarmendu duenez, «mementuan debate haundi bat ba da Hautetsien Kontseiluan horri buruz, abisu bat aterako da hortik eta Kontseilu Orokorrak beharko du abisu hori kontuan hartu, debate bat egin, aspaldi galdegina izan da hori baina ez da sekula gertatu, pentsatzen dut beharrezkoa izango dela eta hori defendatuko dugu heldu den hilabeteetan».

«Alternatiba bilakatu gara»

EH Baik hauteskundeetan lortu dituen emaitzei dagokienez, lehen itzulian «izugarri onak» eta bigarrenean ere «zinez onak» izan direla uste du.

«Emeki emeki gure bidea egin dugu, herritarrek ikusi dute proposamenak bagenituela Euskal Herriarentzat eta beti hor ginela lanean; azkenean kopuru handi batek, 18.000 lehen itzulian, horrek esan nahi du entzunak ginela eta prest zirela bozkatzeko berriro. Bigarren itzulian beste hautesle batzuk bildu ditugu eta haiekin mintzaturik ikusi dut sekula ikusten ez gintuen jendea hurbiltzen eta gurekin mintzatzen, hori zinez pozgarria da biharko. Azkenean orokorki 25.000 boz ukan ditugu eta zinez alternatiba bat bilakatu gara jendearentzako».

Jasotako sostenguaren oinarrian beste elementu bat da, Iriarten esanetan, «guk defendatzen dugula instituzio berezia Euskal Herriarentzat eta hori okupatuko baita hemengo problematiketaz, emaitza horiek erakusterat ematen dute horren beharra dugula. Pentsatzen dut gauzak alde horretatik aintzinatuko direla heldu den hilabeteetan».

«Lehen aldikotz jende batzuk hurbildu dira, entzun gaituzte, orain arte bazekiten euskaldunak, abertzaleak, hori zirela, bazituztela proposamenak, baina pentsatzen zuten euskal kulturara mugatzen ginela eta ez zuten ikusten gizarte osoko problemak hartu eta proposamenak egiten genituela. Orai ikusi dute eta baieztatu dituzte», amaitu du.