NAIZ
DONOSTIA

Cabieces auzian akusazio partikular gisa aurkeztuko da Gipuzkoako Aldundia

Kutxabankek berak Mikel Cabiecesi eginiko ustezko ordainketa irregularren auzia ikertzeko «inolako asmorik ez duela ikusita», Gipuzkoako Aldundia, Kutxako erakunde fundatzaile den heinean, akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du.

Mario Fernandez, Kutxabankeko presidente ohia, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mario Fernandez, Kutxabankeko presidente ohia, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, «ustezko irregulartasunak estaltzeko jarrerak, «auzia isiltzeko asmoak eta ezer gertatu ez balitz bezalako jokabideek ezin dute tokirik izan».

Ildo horretan, azpimarratu dute Kutxabank akusazio gisa aurkeztu ez izanak ikerketa «zailtzea» bilatzen duela. 243.000 euro horiek modu irregularrean «noren agindupean» eta «noren oniritziarekin» ordaindu ziren ezkutatu nahi dela adierazi du Aldundiak.

«Horrela soilik uler daiteke –azaldu dute– EAJko eta PSEko inguruko arduradunak nahastuta egon litezkeen auzian Kutxabank salaketa jartzetik beste alde batera begiratzera pasatu izana».

Hori dela-eta, Kutxaren erakunde fundatzaile den heinean, eta «gipuzkoarron interesak defendatzeko», akusazio partikular gisa aurkeztuko da Aldundia.

Foru erakundeak berretsi du, gainera, «izaera soziala eta kontrol publikoa behar duela Kutxabankek horrelakorik gerta ez dadin».