NAIZ
IRUÑEA

Iruñerriko hamar gazte epaituko dituzte maiatzaren 4tik aurrera

2008ko iraila eta azaroa bitartean Polizia espainolak Iruñerrian egin zituen hiru sarekadatan atxilotuta izan ziren hamar gazte independentista epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean maiatzaren 4a eta 12a bitartean. Hamar urteko espetxe zigor bana eskatzen dute beraientzat.

Eleak mugimenduak jakinarazi duenez, beste hamar gazte epaituko ditu maiatzean Auzitegi Nazional espainolak beren militantzia politikoagatik.

Segiko kide izatea egotzita, honakoak dira epaituko dituzten Iruñerriko gazteak: Mikel Marin, Mikel Flamarike, Gorka Sueskun, Iker Aristu, Diego Octavio, Oihan Ataun, Mikel Beunza, Iñaki Marin, Iker Araguas eta Ibai Azkona.

Eleak-ek gogoratu duenez, «2008ko iraila eta azaroa artean, hamaika gazte atxilotuak, inkomunikatuak, torturatuak eta espetxeratuak izan ziren Iruñerriko auzo eta herri desberdinetan, Espainiako Poliziak buruturiko hiru sarekadatan. Hilabeteetara, batzuk kalera irten ziren milaka eurotako fidantza ordaindu eta gero».

Hamarna urteko espetxe zigorra eskatu dute beraientzat.

Era berean, epaiketa honen aurkako dinamikak eta ekimenak burutuko dituztela iragarri du Eleak mugimenduak.