Gotzon ARANBURU
SARA

Sarako Biltzarra

Udaberri meteorologikoarekin batera literaturaren udaberria iristen da Ipar Euskal Herrira urtero, eta aurten ere halaxe izan da. Gaur, apirilak 6, Pazko Eguna, Sarako Idazleen Biltzarra ospatzen ari da. Datorren igandean ‘Hatsaren poesia’ren txanda izango da, Senperen, eta maiatzean Maiatzen literatur solasaldiak, Baionan. Euskarazko literaturak azken hilabeteetan emandako uzta bertatik bertara ezagutzeko eta dastatzeko aukera aparta, zinez.

Sarako Biltzarra kiroldegian egiten dute. (Gotzon ARANBURU)
Sarako Biltzarra kiroldegian egiten dute. (Gotzon ARANBURU)

Pertsona bati buruz ariko bagina, adin ederrean dagoela esango genuke Sarako Idazleen Biltzarra. 32 urte bete ditu aurten; ez gazteegia eta ez zahartzen hasia oraindik. 1984ko Pazko astelehenean ospatu zen aurreneko aldiz, eta Aberri Egunaren biharamuneko ekitaldia usadio bihurtu da dagoeneko. Omordiko geletan egiten zen biltzarra lehendabiziko urteetan, baina 1993 geroztik herriko kiroldegia du kokagune. Hasieratik izan da biltzar edo azoka elebikoa, hau da, bai euskarazko eta bai frantsesezko liburuak topatuko ditugu erakus-mahaietan. Gaztelaniazko dozena bat ere bai. Euskal Herrian bizitzea edo Euskal Herriaz aritzea da bete beharreko baldintza Saran tokia izateko. Duela hiru hamarkadako lehenengo ekitaldi hartan 70 idazle inguru bildu ziren biltzarrean; gaur zenbaki hori bikoiztu egin da. Antolatzaileei dagokienez, hiru dira: Euskal Kultur Erakundea, Sarako Udala eta Sarako Turismo Bulegoa.

Iparraldeko eta hegoaldeko argitaletxeek egin dute topo Sarako kiroldegian. Horien artean batzuk aipatzeko, Artza, Astobelarra-Le Grand Chardon, Elkar, Gatuzain, Gaumin, Ibaizabal, Izpegi, Jakin, Kilika, Koegui, La Cheminante, Maiatz, Musika Ekoizleak, Nabarralde, Pamiela, Société Culturelle Novae, Société Nouvelle Atlantica, Utriusque Vasconiae, Zortziko eta ZTK. Multzo polita, bistan denez. Beste 26 kultur elkartek ere izan dute ordezkaritza. Idazleen zerrenda azaltzeko tokirik ez dago hemen, ehundik gora izan baitira, baina esan dezagun kasu honetan ere Euskal Herri osokoak azaldu direla. Gainera, egun bakarreko biltzarra izanik, horiekin denekin topo egiteko aukera dago, eta azokara ekarri dituzten liburuetan haien autografoa lortzea gauza erraza izan da.

Pentsatzekoa denez, gai ugari jorratu da Saran aurkeztutako liburuetan, baina gai bat besteen gainetik azpimarratu beharko bagenu I. Mundu Gerra aipatuko genuke, Gerla Handia izenez ezagutzen dena iparraldean. «Modan» dagoen gaia dela gerra esatera ausartuko ginateke, duela egun batzuk aurkeztutako Bernardo Atxagaren ‘Erlea’ aldizkaria ere gerrari eta Ipar Euskal Herriari eskainia baitago nagusiki, nahiz eta kasu honetan II. Mundu Gerraz aritu. Jakina denez, biek ere gogor kolpatu zuten lurralde hau, hegoaldea ez bezala.

Hasteko, erakusketa, argazkiz, mapaz eta dokumentuz hornitua. Baionako Euskal Museoak eta Zuberoako Ikerzaleak elkarteak paratu dute elkarrekin, ‘Zer gelditzen da Gerla Handiaz?’ izenpean. Hiru liburu aipatu behar ezinbestean honi lotuta, bata Eneko Bidegainen ‘Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria’, bestea Patri Urkizuk paratu berri duen ‘1914-1918 lekukoak’ eta hirugarrena Jean-Baptiste Etxarren garaztarra. Bai Eneko, bai Patri eta bai Jean-Baptiste Saran izan dira gaur, bisitariek eskatutako azalpenak ematen eta liburuak sinatzen.

Harribitxi bat

Harribitxi batek ikusi du argia Sarako biltzarrean, Txomin Peillenek paratutako eta Euskaltzaindiak argitaratutako ‘Albaitaritzako idazlanak (1692-1892)’ liburuak hain zuzen ere. 1690 aldera, nekazarientzako liburu bat idatzi zen, lapurteraz, abereak nola sendatu erakusteko. Egilea kimikari bat zen, Donibane Lohizuneko Mongongo Dassanza. Liburua galdu egin zen, baina harengan oinarritutako lau idazlan zahar bildu ditu Peillenek. Bata, Baigorrin argitaratutakoa, XVII. mendean, nagusiki behe-nafarreraz idatzita dagoena. Bigarrena, Peillen Barkoxeren eskuizkribua, XVIII. mendekoa eta lapurteraz idatzia. Hirugarrena, Bertrand Goyenetche garaztarrak idatzia 1830ean, eta azkena Amikuzeko Jauregiberryrena, 1891 aldekoa. Ez da izan ika-mikarik gabekoa Peillenen liburu honen garapena, idazleen arteko ezadostasunak direla-eta.

Beste bi liburu ere ekarri ditu Euskaltzaindiak azokara. Bata Henri Duhauk paratu du, 1873an Pierre Dourisboure misiolariak frantsesez idatzitako ‘Les sauvages Ba-hnars. Conchinchine orientale’ eta mende erdi geroago Jean Elizaldek euskaratutako ‘Bahnar deitu salbaiak’, hain zuzen ere. Bigarrena Zaika Nataliarena da, euskal ipuin tradizionalen ikerketa bat, elebiko argitalpenak aztertuz osatua.

Emakume idazleen presentzia azpimarragarria da argitalpen berriei dagokienez. Marikita Tambourinek ‘Bi saiakera emazteen izenaz’ aurkeztu du, Maitz etxearen eskutik; Anuntxi Aranak ‘Hilak gure artean: agerpenak eta jai eskeak’, Elkarrekin; eta Odile Contamin idazleak eta Dominique Duplantier marrazkilariak ‘Maisons de Sare - Sarako etxeak’, Koegui argitaletxearekin.

Argitaletxe berri baten jaiotzaren lekuko ere izan gara Saran. Kilika argitaletxeak ‘Regard sur le patrimonie maritime basque - Euskal itsas ondareari behaka (1865-1940)’ liburu ilustratuarekin ekin dio bere bideari. Itsas Begia elkarteko Marie-Pierre Galarraga, Christian Ondicola, Jean-Marc Ospital eta Michel Péry dira argazkiz eta ilustrazioz hornitutako liburu honen egileak. Maiatzean euskal kostaldeari buruzko liburu bat argitara emango dutela ere adierazi du Kilikak, baina hau goitik behera frantsesez izango da.

‘Hatsaren poesia’ eta Literatur Solasaldiak

Haseran esan bezala, datorren igandean ‘Hatsaren poesia’ eguna izango da Senpereko Larraldean, 16.00etan hasita. Urteroko legez, Auxtin Zamora buru duen elkarteak olerki liburua aurkeztuko du ekitaldia hasteko, eta ondoren poesia irakurketa egingo dute egileek. Jarraian, ‘Hatsaren olerki bustiak 2015’ bideoa proiektatuko da, liburuko hainbat pasartez eta Agurtzane Andueza, Joanes Andueza eta Auxtin Zamoraren argazkiz osatutakoa.

Maiatzen 31. Literatur Solasaldiak maiatzaren 13an eta 14an izango dira, Baionako Euskal Museoan. Mahainguruak eta aurkezpenak izango dira ekitaldiaren bizkar hezur. Patri Urkizu izango da gonbidauetako bat, eta ‘Maiatz’ aldizkariaren 60. zenbakia aurkeztuko du Luzien Etxezaharretak.