NAIZ
DONOSTIA

Euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko eskatu diote EiTBren zuzendaritzari

Kirol eta kultura arloko zenbait aurpegi ezagunek EiTBko zuzendaritzari eskatu diote euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko. Era berean, dei egin diete euskal herritar guztiei kamera bat hurbiltzean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen.

EiTB 2n euskaldunak euskaraz egitearen alde agerraldia egin dute. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
EiTB 2n euskaldunak euskaraz egitearen alde agerraldia egin dute. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«ETB 2ko albistegietan bereziki», eta oro har era guztietako programetan euskal hiztunei ematen zaien tratuarekin «kezkaturik», agerraldia egin dute Euskal Herriko osoko hainbat kirolari eta kultur munduko pertsonek.

Bertan adierazi dutenez, «egunero behartzen dituzte euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera», eta horrek bi ondorio larri eragiten dituela azaldu dute. Batetik, Euskal Herriaren mapa linguistikoa «desitxuratu» egiten dela adierazi dute eta, bestetik, EiTBren sorreran zegoen helburu nagusietakoa «boikotatzen» dela nabarmendu dute, «hots, euskararen normalizazioa».

«Anormal bilakatzen dute euskal kate publikoan euskaraz hitz egiten agertzea, eta hori onartezina da gure egungo egoeran», salatu dute.

Horregatik, eskatu diote EiTBko zuzendaritzari agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezatela agindua betetzen den ala ez.

Era berean, eskaera hau euskal herritar guztiei zabaldu nahi izan diete, telebistako kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihurtzeko deia eginez.