NAIZ
IRUÑEA

Nafarroan aldaketarako «bermea» izango den programa aurkeztu du EH Bilduk

Nafarroako «aldaketarako lantresna» izanen den programa aurkeztu du koalizio abertzaleak. «Egungo larrialdi egoerari erantzun, sektore publikoaren berreskurapen eta berrindartzea eta nafar guztion borondatearen errespetua» ditu oinarrian, azaldu dutenez.

Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez, EH Bilduren programa prentsa aurrean aurkezten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez, EH Bilduren programa prentsa aurrean aurkezten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñean eginiko agerraldi batean, Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirezek Nafarroako EH Bilduren programaren ildo nagusiak azaldu dituzte.

Aldaketa hitza bolo-bolo dabilela aipatu ondoren argitu dute ez dela «kontzeptu hutsa, ez da bat kendu beste bat jartzeko». Horregatik, edukietan oinarritutako aldaketa agindu du EH Bilduk, programan oinarritutakoa hain zuzen.

Ruiz eta Ramirezen esanetan, oinarri argiak ditu EH Bilduren programak: «Egungo larrialdi egoerari erantzun, sektore publikoaren berreskurapen eta berrindartzea eta nafar guztion borondatearen errespetua».

Programa osatzeko abiatutako prozesu parte-hartzailean bost mila pertsonek parte hartu dutela adierazi dute.

Oinarri nagusiak

Azken urteotan Bruselak, Madrilek eta Nafarroan UPNk «inposatutako neurri neoliberalek» milaka nafar «amildegiaren ertzeraino» eraman dituela salatu dute eta, horregatik, «larrialdi egoera» horri erantzutea lehentasuna izango da EH Bildurentzat. Bide horretan aurreneko pausoa Gizarteratze Errentaren legea bertan behera utzi eta berri bat eginen dutela eginen dute.

Egitasmo hori gauzatzeko, erreforma fiskal sakon bat egingo dutela esan dute, «ekitate, progresibitate eta berdintasunean oinarrituta».

Osasungintzaren alorrean, zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa bultzatzeko konpromisoa adierazi dute, «zentro pribatuekin egin diren hitzarmen eta deribazio akordioak bertan behera utziz».

Hezkuntzan, ikastetxe publikoen beharren diagnosia egingo dute, «egoera tamalgarrian dauden eskolak berritzeko asmoz». Euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko eta hizkuntza normalizatzeko, euskaren lege berri bat jarriko dutela azaldu dute.

Horrez gain, Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa, porlanaren aurrean Nafarroa berdea edo berdintasun lege berria ere izan dituzte hizpide.

Iragarri dute datozen egunotan nafarrekin konpartitu egingo dutela programa, «aldaketarako EH Bilduk aurketzen duen bermea».