NAIZ
IRUÑEA

Martxa zaratatsua antolatu dute Iruñerriko hamar gazteren aurkako epaiketa salatzeko

Iruñerriko Herri Harresiak manifestazio zaratatsua antolatu du Iruñean datorren maiatzaren 2rako, Segiko kide izatea egotzita datozen egunetan Auzitegi Nazional espainolean hasiko den hamar gazte nafarren aurkako epaiketa salatzeko.

‘Entzun gaitzatela. Epaiketa politikorik ez’ lelopean, martxa zaratatsua antolatu dute Iruñean datorren maiatzaren 2rako, maiatzaren 4tik 12ra bitarte Auzitegi Nazional espainolean epaituko dituzten Iruñerriko hamar gazteren aurkako auzia salatzeko.

2008ko iraila eta azaroan atxilotu zituzten aipatu gazteak, eta hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen diete Segiko kide izatea leporatuta. Tortura salaketak egin zituzten hainbatek.

Maiatzaren 2ko ekimenarekin epaiketa politikoek sortzen dituzten «haserre eta sumina» azaleratuko dute. «Asaldagarria da nola bere burua demokratikotzat duen erregimen honek jendea bere ideia eta independentziaren aldeko jardunagatik epaitzen eta espetxeratzen jarraitzen duen», azpimarratu dute deitzaileek.

Hortaz, jendarteari epaiketa hauen aurrean erantzuteko eta datozen asteetan burutuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete.