NAIZ
DONOSTIA

Nepalen dauden euskal herritarrak onik daude

Gutxienez Hego Euskal Herriko 37 herritar zeuden Nepalen lurrikara gertatu zenean, Nafarroako eta Lakuako gobernuek eskuartean duten informazioaren arabera. Guztiak onik daude, desagertuta zeuden biak ere bai. Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko mendizale talde bat ere Nepalen da, guztiak ere onik.

Marian Elorza Lakuako Gobernuko Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 26 herritar zeuden Nepalen lurrikara gertatu zenean, haietako hamahiru trekking egiten Annapurnan, zazpi Katmandu hiriburuan eta beste sei Pokharan. Beste bat, mendizalea, ospitalean dago izozteekin, baina seismoa gertatu aurretik ingresatu zuten.

26 lagun horietatik biren berririk ez zegoen goizean, baina arratsaldean baieztatu dute topatu dituztela. Bi pertsona horiek, gasteiztarrak, Katmandun izan ziren lehendabizi eta 5.000 metroko mendi bat igotzeko asmoa zuten, baina lurrikara baino bi egun lehenago Lantang-eko trekkinga egitera joan ziren. Seismoaren ondorengo lehen bi egunetan ez da haien berririk izan, baina gaur arratsaldean Lakuako iturriek Efe agentziari baieztatu diote lokalizatuta daudela eta ongi daudela.

Nepalen daudenen artean gipuzkoar «ugari» eta Gasteizko «talde handi bat» dagoela zehaztu du, eta bizkaitarrak ere bai. Gehienak mendizaleak dira edo trekking egitera joandako turistak.

Pertsona horien guztien berri haien familien bidez jakin du Lakuako Gobernuak, telefonoz edo posta elektronikoz, eta ez du baztertzen euskal herritar gehiago egotea ingurune hartan. Gobernuak zerbitzu bat jarri du martxan Nepalen senideak dituztenak Lakuarekin harremanetan jar daitezen.

Nafarroako hamaika

Bestalde, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, hamaika dira Nepalen dauden nafarrak eta guztiak lokalizatuta eta onik daude. Horien artean daude Txentxo Jimenez Aralar-NaBaiko legebiltzarkidea eta Berriozarko beste zazpi bizilagun, Noaingo eta Iruñeko bi kooperante eta Everesteko oinarrizko kanpamentuan zegoen mendizale bat, Iruñeko bizilaguna.

Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hainbat mendizale

Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko mendizale talde bat ere Nepalen da, Robert eta Mertxe Larrandaburu zuberotarrek gidaturik. Euskal Irratien arabera, denak ongi daude.

Taldea duela hiru aste joan zen Nepalera eta Langtang eskualdean zegoen. Oihana Larrandaburuk, Robert Larrandabururen alabak Mediabask.eus atariari esan dionez, onik daudela besterik ez dakite.