NAIZ
DONOSTIA

Donostia eta Okzitaniako Tolosa lotuko ditu autobus linea berri batek etzitik aurrera

Autobus linea berri batek Donostia eta Okzitaniako Tolosa lotuko ditu ostegunetik aurrera. Egunero bi bidaia egingo ditu, goizean eta arratsaldean, eta Irun, Biarritz, Baiona eta Pauen egingo ditu geldialdiak, besteak beste.

Donostia eta Tolosa lotuko dituen autobusa. (NAIZ)
Donostia eta Tolosa lotuko dituen autobusa. (NAIZ)

Starshipper konpainiak Donostia eta Okzitaniako Tolosa arteko autobus linea berria martxan jarriko du etzitik aurrera, Le Basque Bondissant operadorearen bidez. Gipuzkoako hiriburutik atera eta Irunen, Hendaian, Donibane Lohizunen, Biarritzen, Baionan eta Pauen egingo ditu geldialdiak, Tolosara iritsi aurretik.

Eguneko bi zerbitzu izango dira, goizean eta arratsaldean. Astelehenetik larunbatera, Donostiatik 7.00etan eta 15.45ean aterako da autobusa, Amarako geltokitik, eta bost ordu beranduago iritsiko da Tolosara.

Igandeetan, aldiz, Donostiatik 15.45ean eta 17.45ean aterako da.

Tolosatik, aldiz, astelehenetik larunbatera 7.30ean eta 17.00etan du irteera ordua, Pierre Semard Bulebarretik, eta 10.00etan eta 23.30ean igandeetan.

Txartelak Alsa enpresaren bitartez erosi behar dira Donostian. Maiatzaren 22a arte, eskaintza moduan, 20 euroko prezioa izango du joan-etorriko txartelak eta 10 eurokoa joanekoak, betiere helduentzat.

Joel Arcondeguy Le Basque Bondissanteko gerenteak azaldu duenez, joan-etorriko txartelak gehienez izango duen prezioa 40 eurokoa izango da.