@arianekamio
Donostia

Literaturia, «odolean»

‘Odolean daramagu’ leloa aukeratu du aurten Literaturiak maiatzaren 28tik 31ra bitarte egingo den ediziorako. Ardoa izango du gai nagusi. Gonbidatuen artean, Edorta Jimenez, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta literaturaz harago doazen beste hainbat proposamen.

Literaturiaren edizio berri bat aurkeztu dute. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Literaturiaren edizio berri bat aurkeztu dute. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Maiatzaren 28an hasiko du Literaturiak, Zarautzen, edizio berri bat. Egun batzuk lehenago, hilaren 14an, aurkezpen ekitaldia izango du ordea. Bernardo Atxaga eta Jose Luis Padron izango dira Garoa liburu-dendan egingo den aurkezpenean.

Lehenengo egunean ardoari eta zentzumenei emango diote protagonismoa. ‘Zentzumenen zoramena’ deritzon ekitaldia egingo da txakolindegian; Katixa Agirre, Oier Santos, Gaizka Zabarte eta Tere Irasortzaren azken lanak lurrik usainez eta txakolin zaporez bustiko dira.

Gonbidatuen artean, euskal letretako idazle errotuak ere badira. Anjel Lertxundi, esaterako. Berak egingo du irekiera ekitaldia maiatzaren 29an. Gehiago ere izango dira, Edorta Jimenez (Nora Barnacle-ren inguruan) edo Arantxa Urretabizkaia (Karmele Jaio eta Arantxa Iturberekin), esaterako.

Eta proposamen ausartagoak ere antolatu dituzte: ‘Erractus ikuskizuna’, Danele Sarriugarte, Jule Goikoetxea eta Kattalin Minerrek sortua; ‘Porto’, Harkaitz Cano eta Mursegorena; edo ‘Ardoa eta odola’ (Napoka Iria eta Joseba B.Lenoir). Poteo literarioak eta bertso saioa ere izango dira, gainera. Baita liburu azoka ere.

Ekitaldiak Modelo aretoan eta Garoa liburu-dendan izango dira, bertso saioa izan ezik (Putzutzulo).