NAIZ

21 urteko ikasle ataundar bat hil da Mexikon, trafiko istripu batean

Ikasketa beka batekin Mexikon ikasten zebilen 21 urteko neska ataundar bat hil da, trafiko istripu baten ondorioz. Beste ikasle bat larri zauritu da baina haren bizia ez dago arriskuan.

EHUk ohar batean jakinarazi duenez I.A.R. 21 urteko neska ataundarra hil zen atzo eta beste ikasle bat, A.A.G., 20 urtekoa, larri zauritu zen Mexikon izan zen trafiko istripu batean. Azken honen bizitza ez dago arriskuan.

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Gizarte Hezkuntzako bi ikasle horiek Mexikon zeuden EHUko ‘Amerika Latina eta Beste Norakoak’ nazioarteko programaren baitan.

Las Choapas eta Raudales arteko autobidean jazo zen istripua, atzo. Ikasleak furgoneta batean zihoazen, eta kamioi baten aurka jo zuten, aurrez-aurre. Poliziaren lehen hipotesien arabera, baliteke furgonetako gidariak lo hartu izana.

Istripuaren ondorioz, 21 urteko ataundarraz gain, beste mexikar bat ere hil zen, eta zortzi lagun eraman zituzten erietxera.

EHUk doluminak adierazi dizkio hildako neskaren familiari eta elkartasuna adierazi zaurituari. Gaur goizean Carlos Santamaria zentroaren sarreran, Donostiako campusean, minutu bateko isilunea eta elkarretaratzea egin dute, mugikortasun programetan parte hartu duten ikasleen agur ekitaldiko argazki ofiziala egin behar zen lekuan. Ekitaldi hori bertan behera geratu da.