NAIZ
DONOSTIA

Aldundiak autoa partekatzeko sistema sustatuko du Gipuzkoako zortzi udalekin batera

Gipuzkoako Aldundiak eta Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek «Lurraldekar» autoa partekatzeko sistema sustatzeko protokoloa sinatu dute.

Aldundiko eta «Lurraldekar» egitasmoarekin bat egin duten udaletako ordezkariak, agerraldian. (GIPUZKOABERRI)
Aldundiko eta «Lurraldekar» egitasmoarekin bat egin duten udaletako ordezkariak, agerraldian. (GIPUZKOABERRI)

Gipuzkoako Aldundiak autoa partekatzeko sistema «berritzailea» bultzatuko du, hainbat udalekin batera. Hain zuzen, Donostia, Irun, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek egin dute bat egitasmoarekin, eta gaur bertan sinatu dute protokoloa guztiek.

«Lurraldekar» izenarekin bataiatu dute proiektua, eta honen oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna izatea. Partekatze hori, ordea, ez da bidaia batzuk elkarrekin egitera soilik mugatzen, baizik eta auto bera hainbat lagunek erabiltzea du xede. Hau da, auto baten jabeak beste erabiltzaile baten esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastuak.

Aldundiko ordezkariek azaldu dute gisa honetako sistemek arrakasta izan dute Europa iparraldeko zenbait herrietan, eta uste dute hemen ere, «poliki-poliki», arrakasta izan dezaketela.

Orain, egitasmoa martxan jarri ahal izateko, bi lan garrantzitsu geratzen dira. Batetik, proiektuaren garapen teknologikoa lantzeko esleipen prozesu bat jarriko du martxan eta, bestetik, udalak urratsak ematen hasiko dira «Lurraldekar» proiektua zabaltzeko.