NAIZ
IRUÑEA

Gaur hasiko da Iruñerriko 10 gazteren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean

Segiko kide izatea leporatuta hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak Iruñerriko hamar gazteren aurka, gaur Madrilen hasiko den epaiketan.

Auzitegi Nazionalaren aurrean elkartu dira epaitu, lagun eta senideak epaiketa hasi aurretik. (@MartxeloDiaz)
Auzitegi Nazionalaren aurrean elkartu dira epaitu, lagun eta senideak epaiketa hasi aurretik. (@MartxeloDiaz)

Iruñerriko 10 gazteren aurkako epaiketa hasiko da gaur Madrilen. Segiko kide izatea leporatuta 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak haietako bakoitzarentzat.

Iturramako Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas eta Ibai Azkona, Arrosadiako Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Iñaki Marin, Donibaneko Gorka Sueskun eta Barañaingo Mikel Flamarique dira epaituak izango diren gazteak.

Euren auzo eta herrietan egiten zuten lana dela-eta atxilotu zituzten 2008. urteko iraila eta azaroaren artean. Inkomunikazioa pairatu eta torturak salatu eta gero, espetxeratu egin zituzten eta Araguas, Azkona eta Iñaki Marinek, oraindik ere, espetxean jarraitzen dute.

Ataunek, epaiketa hasi baino minutu batzuk lehenago, sufritutako inkomunikazioa eta torturak ekarri ditu gogora, eta «epaiketa politikoen amaiera»  eskatu du. Era berean, bere babesa agertu asmoz, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua Auzitegi Nazionalera gerturatu da, eta auzipetuekin elkartasuna adierazteaz gain, «epaiketa politikoak salatu eta prozesuari egiten dizkioten erasoak amaitzea»  eskatu du.

Honen aurrean, iragan larunbatean Iruñeko kaleetan manifestaldia burutu zuten, epaiketa politikoen amaiera eskatzeko. Bertan, Ataunek eta Sueskunek, babesa eskertzeaz gain, heritarren aktibazioa eskatu zuten. «Eraso hauei amaiera jarriko diona gizartea da».