NAIZ
PARIS

Eñaut Aramendiren helegitearen inguruko erabakia ekainaren 24ean jakinen da

Eñaut Aramendi lau urteko espetxe zigorra betetzera izan zen kondenatua eta jarritako helegitea gaur aztertu dute. Aramendiren abokatuak jakinarazi duenez, ekainaren 24ean jakinen da azken erabakia.

Eñaut Aramendiren aurkako helegitearen erabakia, ekainaren 24en. (KAZETA.EUS)
Eñaut Aramendiren aurkako helegitearen erabakia, ekainaren 24en. (KAZETA.EUS)

2014. urteko ekainean, Eñaut Aramendiren auzian fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen, horietako bi suspentsioarekin zirelarik. Hala ere, epaileak beste urte bat gehitu zion eta Aramendik helegitea jarri zuen. Gaur aztertu du Pariseko Dei auzitegiak helegitea eta ekainaren 24an deliberoa jakinaraziko duela iragarri du, Kazetak jakinarazi duenez.

Aramendiren abokatua den Xantiana Cachenautek, bi urteko espetxe zigorra eta beste bi urte urte suspentsioarekin eskatu du. Aramendiri «ETAko hiru kide etxean hartzea» leporatzen diote. «Espero dut kondena ez dela baieztatua izanen. Epaileak, aditua den fiskalak baino kondena handiagoa eskatu du. Eñautek espetxean jadanik urte bat pasa du eta hori oso zorrotza da», adierazi du abokatuak.

2010eko maiatzaren 10ean Eñaut Aramendi eta bere bikotea Leticia Chevalier Urruñan atxilotu zituzen frantziar Poliziak. Operazio berean, baina Baionan, Mikel Karrera, Arkaitz Agirregabiria eta Maite Aranalde atxilotu zituzten. Eñaut Aramendi urte batez kartzelan egon zen eta 2011ko maiatzaren 17an kontrol judizialpean aske gelditu zen.