NAIZ
DONOSTIA

Zaporeak Biziz, elkartasuna eta kirola Etiopian barrena

Zaporeak proiektuko 15 kidek bizikletaz egingo dituzte Addis Abeba –Etiopiako hiriburua– eta Wukro banatzen dituzten 1.000 kilometroak, elkartasuna eta kirola uztartzen dituen Zaporeak Biziz ekimenaren baitan.

Zaporeak Biziz ekimenaren aurkezpeneko argazkia. (GIPUZKOABERRI)
Zaporeak Biziz ekimenaren aurkezpeneko argazkia. (GIPUZKOABERRI)

Zaporeak proiektuko 15 kide Etiopiara abiatuko dira ekaineko bigarren hamabostaldian, Addis Abeba –hiriburua– eta Wukro banatzen dituzten 1.000 kilometroak bizikletan egin asmoz. Zortzi etapetan banatuko dute ibilbidea, eta helburua da bertako errealitatearen ikuspegi bat eman eta proiektua ezagutzera ematea.

Zaporeak Biziz ekimenarekin, era berean, Zaporeak proiektuaren aldeko diru bilketa bat egin asmo dute. Horretarako, Korrikaren antzeko filosofia erabiliko dute, kilometro osoak 50 euroren truke salduz edo parte-hartze soila 5 euroren truke salduz. Kilometro horiek zaporeak-sabores.com webgunean eros daitezke.

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen ekintza hau izango da 2015ean Zaporeak proiektuakdirua biltzeko antolatu duen lehena. Irailean Intxaurrondoko Gastronomia Astearen 25. urteurrena ospatuko da, eta irailaren 12an Koxk! egingo dute.

Etiopiara egingo duten bidaiarekin bertako biztanleek elikatzeko duten segurtasun ezari aurre egitea dute helburu, «beti ere garapen iraunkorreko eta epe luzeko ikuspuntu batetik».