Gotzon ARANBURU
GERNIKA

Astra Gernika

Ez da erraza Astra zentroa definitzea. Ekimen asko eta anitzak hartzen ditu barnean Gernikako eraikin erraldoi honek, denak kulturarekin, sormenarekin eta gizartegintzarekin lotuak. Autogestioak gidatzen du, baina Udalaren parte hartzea ere garrantzitsua da. Erabiltzaile gehienak gazteak dira, baina umeek eta adinduek ere badute tokia. Hizkuntza nagusia, zalantzarik gabe, euskara den arren, ez dakitenentzako oztopo izan ez dadin saiatzen dira. «Kulturarako fabrika soziala» deitzen diote kudeatzaileek eta horixe izango da seguru asko definiziorik egokiena.

Astraren eraikina Gernikan. (Gotzon ARANBURU)
Astraren eraikina Gernikan. (Gotzon ARANBURU)

Ehun urte betetzera doa eraikin eder hau. 1916tik 1998ra arte arma fabrika izan zen, eta hemen egindako pistolek prestigio handia lortu zuten mundu osoko bezeroen artean. Oraindik ere ikus daitezke hormetan itsatsita arma haien planoak eta datu teknikoak. Francoren laguntzaile naziek Gernika bondardatu zutenean ezer gutxi geratu zen zutik, baina Astra fabrikak eutsi egin zion. Herritar asko aritu ziren hemen beharrean, baina joan den mendearen bukaeran gainbeheran joan zen negozioa eta 1998an betirako itxi zituen ateak lantegiak.

Betirako? Ez, 2005eko urrian Gazte Asanbladako hogei bat kidek Astra okupatzea erabaki zuten, 2006an Udalak eraikina erosi zuen, eta 2007an Astraren etorkizuna zehazteko «0 kilometroa» prozesua hasi zen. Beti ere Udalarekin lankidetzan, Astra Proiektua diseinatu zen. Lakuako Gobernuak emandako diru-laguntzari esker (1,5 milioi euro) eraikina eraberritu egin zen, eta 2012an berriro ireki zituen ateak: ordutik hiru solairutan banatutako 2.000 metro koadro ditu erabilgarri. Duela egun batzuk ospatu dute, beraz, Astra kulturarako fabrika sozialaren 10. urteurrena.

Johana Olabarrieta eta Luken Lamikiz izan ditugu gidari Astrara egindako bisitan. Biek ere ordu ugari sartzen dituzte hemen, zereginak ere asko baitira. Hasteko, zentroa nola banatuta dagoen azaldu digute: «Moldagarritasuna da hitz gakoa hemen. Horrenbeste toki izanda, horma eta teloi mugikorren bidez espazioak sortu eta eraldatu egin daitezke. Jakina, batzuk finkoak dira, esaterako taberna edo agertokia, baina beste guztia unean uneko beharretara molda daiteke» dio Johanak. Baratzea ere badu etxeak, eta oraintxe hasi dira aitzurrak astintzen gazteak, udaberriarekin batera. Lau dira, edozein eratara ere, Astrako lan arlo nagusiak: arte eszenikoak, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak eta hitzak.

Lau lan arlo nagusi

Arte eszenikoen faktoria antzerkia, dantza eta gorputz adierazpena lantzeko 100 metro koadroko espazioa da, zurezko zoruarekin eta argiztapen eta soinu baldintza egokiekin. 60 lagun ere aritu daitezke batera espazio itxi horretan, baina gaur gutxiago dabiltz, bikoteka dantzan arin asko. Askoz handiagoa da arte plastikoen eta eskulanen faktoria: pintura, eskultura, instalazioak, eskulanak, antzerkigintzarako eszenografia, mobilizazio eta kanpainetarako baliabideak… denak landu daitezke hemen. Eraikin osoan bezala, argia ugaria da, eta tarteka tarteka trenaren hotsa sartzen da leihoetatik. «Gure banda musikalaren zatia da trena» diosku farrez Johanak. 80. urteetako kartelak daude itsatsita pareteetan, ikastaro batean erabiltzen ari dira eta.

Ikus-entzunezkoen eta diseinuaren faktoria majo hornituta dago. Pantaila handiko Macintosh batean gizonezko bat autoikasketan ari da, eta bi gazte portatilekin ari dira, hauek jolasean. Ikus-entzunezkoak eta diseinu lanak egiteko oinarrizko tresnak dauzkate hemen, esaterako kartelak inprimatzeko plotterra, baita irratia eta audiolaba ere, eta argazkigintzarako hainbat tresna. Oso gertu, hackerren eremua dago; ordenagailuak irekita eta barrualdea begien bistan, teklatuak eta disko gogorrak nonahi, kableak eta bihurkinak… garbi dago hemen dabiltzanei ez zaiela axola eskuak zikintzea.

Azkeneko atala lana lasai egiteko gelak dira. Sorkuntza eta eraldaketa prozesuak elikatzeko ideiak, nahiz gidoiak, bertsoak edo idazlanak, hemendik irteten dira.

Edozein taldek erabil dezake Astra, helburu sozio-kulturala badu, jakina. Gaur, adibidez, elikadura sanoari buruzko hitzaldi bat ematen ari da Antonio Palomar, Sumendi elkartearen sortzaileetako bat. Aurretik ere bitan egona omen da hemen Antonio, eta entzuleek ezaguna dute dagoeneko.

Irekia, parte-hartzailea, autogestionatua

«Bost adjetibo erabiliko nituzke Astraren filosofia azaltzeko: irekia, parte-hartzailea, askotarikoa, jasangarria eta autogestionatua. Nolabait esateko, Astra ez da kafe-antzoki bat, ezta gaztetxe bat ere. Horien ezaugarriak baditu, baina haruntzago doa, beste dimentsio bat eduki nahi du» diosku Lukenek. Astra kudeatzeko hainbat formula saiatu dira hamar urteotan, eta gaur egun indarrean dagoena hiru mailakoa da. Koordinadora-asanblea dago gailurrean; Astran parte hartzen duten –etengabe edo tarteka– pertsonek eta taldeek osatzen dute, «astrakideek», eta urtean behin biltzen da, zentroaz hausnartzeko eta bertako baliabideak, espazioak eta ekintzak nola kudeatu eztabaidatzeko. Maila honetan hartzen dira Astrari buruzko erabaki «estrategikoak».

Bigarren mailan batean kudeaketa batzordea dago. Aipatu koordinadora-asanbleak hartutako erabakiak gorpuztea du egitekoa, era iraunkorrean funtzionatzen du eta behar legal, azpiegiturazko eta administratiboei erantzuten die. Bereziki garrantzitsua da, Astraren kasuan, zentroaren eta Udalaren arteko harremana, eraikina jabetze publikokoa da-eta. Finantziazioaren zati bat ere herriak jartzen du, eta horrek guztiak are beharrezkoagoa egiten du bi eremu horien (Udala eta Astra) arteko koordinazioa eta elkarren berri izatea, adostasuneetara heltzeko.

Oinarrian daudenak lantaldeak dira, eguneroko jarduerak aurrera daramatzatenak, dela egitarauak prestatzea, komunikazioa, administrazioa, diruzaintza, garbiketa, ortua… Behar izanez gero, lantalde berriak eratzen dira, esaterako aurten 10. urteurreneko ekitaldiak prestatzeko bildu dena.

Gazteak erakarri

Kezka pixkat sortzen die Johanari eta Lukeni, eta egitasmoari bere osotasunean, adin tarte jakin bateko erabiltzaileak gutxi izatea Astran. Duela hamar urte, okupazioaren sasoian, 15-25 urteko gazteak gehiago inplikatzen ziren Astrako eguneroko dinamikan, eta horiek berriro erakartzea da erronketako bat. Bestelakoan, hasi neska mutikoetatik –«Astratxiki» dute eremu propioa– eta 70 urtetik gorakoetaraino hedatzen da Astrako erabiltzaileen eremua. Badaukate denek ere non aukeratua: 2013an 185 ekimen burutu ziren hemen, eta iaz 196. Aurten ere ez dira urruti ibiliko.

Azpimarragarria da aipatutako ekimen horietatik guztietatik 22 baino ez zituela antolatu koordinadorak 2014an, eta beste denak herritarrek, elkarteek eta eragileek sortutakoak izan zirela. Zeintzuk? Bada iaz gehien erabili zutenak izan ziren Astratxiki, Elai Alai,
Gure Esku Dago, Biztu Irrati, Hackelarre, Lurgozo, Lilibertso, Arrolape, Euskal Herrian Euskaraz, Astra Zinema Forum, Lekuek (Gernikako musika festibala), Lobak, Ernai, Gernika Gogoratuz, Bilgune sarea, Gernika Sutan, Bilgune Feminista, Jone Libre, Allende eta Seber Altubeko guraso elkartea, Kukubedarra, Ideasur, Txosna Batzordea, Txutxu, Arkibai, Udala, Rudelari taldea, Gazte Asanblada eta Herrira.

Jakina, hainbeste mugimendurekin, diruaz ere hitz egin beharra dago. Astraren finantziazio iturri nagusia taberna da, eta horri kamiseta salmenta, zozketak, jaietako txosna… gehitzen zaizkio. Baina eraikinean ekitaldiren bat antolatzen duten taldeek ere badute eskubidea tabernaren ardura hartzeko momentu horretan, eta ateratako dirua haiek finantziatzeko erabiltzen dute. Udalak eraikinaren gastu arruntak hartzen ditu bere gain, hala nola argindarra, berogailua edo igogailuaren mantenimendua. Iazko diru sarrerak 85.130 eurokoak izan ziren, gastuaren parekoak. Euro bakoitza nondik iritsi den eta nora joan den publikoki erakusten du Astrak; horretan ere eredugarri.