NAIZ

Ikastolen Elkarteak Lakuari eskatu dio «bere autonomia erabiliz» LOMCE froga ez egitea

Ikastolen Elkarteak EAJren Gobernuari eskatu egin dio LOMCEren Lehen Hezkuntzako 3. mailako froga praktikan ez jartzea eta horretarako «duen autonomia erabil dezala». Honen harira, hezkuntza sistema «propiorantz» eta hezkuntza lege berri baterantz «pausoak ematea» beharrezkotzat jo dute.

Santutxuko Karmelo ikastolan, LOMCEaren aurka agertu dira. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Santutxuko Karmelo ikastolan, LOMCEaren aurka agertu dira. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Ikastolen Elkarteak, agiri baten bitartez, Lakuari eskatu egin dio «bere autonomia erabiliz» LOMCEk 8 eta 9 urteko haurrei, Lehen Hezkuntzako 3. mailan egin nahi dien froga martxan ez jartzea. «Ikastetxeen erabakia aintzat hartzea eskatzen diogu Jaurlaritzari, eta uste dugu erabaki horrek ikastetxe horiei ez liekeela ondoriorik eragin behar».

Zentzu honetan, Hezkuntza Sailak curriculum propioaren garapenari eta baliabide didaktikoen osaketari lehentasuna ematea ezinbestekotzat jo dute. «Beharrezkoa da nahi dugun edo egoki deritzogun sistema definitzea eta kontziente izan behar dugu agian kontu honetan ere ez dela guztion adostasuna izango. Horregatik eztabaida beharrezkoa da», adierazi dute.

LOMCEk «dena kontrolatu eta zentralizatzeko duen irrika» nabarmendu dute, ikastetxeen rangkinak osatzearekin batera. «Horrek baieztatu besterik ez du egiten eremu honetan ere lege horren logikatik ahalik eta gehien urrundu behar dugula eta geure hezkuntza sistema propiorantz eta hezkuntza lege berri baterantz pauso sendoak eman behar ditugula», aldarrikatu dute.

Honela, beharrezkotzat jo dute Lehen Hezkuntzaren erdi aldera ebaluazio diagnostiko bat egitea, «baina orain arte egindako parametroetan». Ikastetxe eta ikasle bakoitzaren beharretara egokitu behar dela azpimarratu dute azkenik:«Helburua ikastetxeek eta hezkuntza sistemak ikasleriaren eta ikastetxearen beraren egoera eta aurrerapenak ebaluatzeko tresna izan dezatela, eta, emaitzetan oinarrituta, ikastetxe bakoitzean hobekuntza programak adostu eta martxan jartzeko aukera izan dezatela, baina beren ikasleriaren beharretara egokituz».