NAIZ
BILBO

EAEko lan merkatuaren «hobekuntza sendotuko» dela iragarri du Confebaskek

EAEko Enpresarien Konfederazioak (Confebask) adierazi du Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Barne Produktu Gordina (BPG) %2,7 haziko dela 2015ean, joan den urte bukaeran egindako aurreikuspenean baino %0,8 gehiago.

Miguel Angel Lujua eta Eduardo Aretxaga Confebaskeko arduradunak, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Miguel Angel Lujua eta Eduardo Aretxaga Confebaskeko arduradunak, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Miguel Angel Lujua EAEko patronaleko presidenteak Bilbon eginiko prentsaurrekoan azaldu duenez, «europar ekonomiaren hobekuntza handiak» eragin du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundearen «goranzko aurreikuspen esanguratsua».

Zehazki, EAEren bezero nagusi diren Alemaniaren eta Estatu frantsesaren hobekuntzak eragin du aurreikuspenaren igoera, bai eta Estatu espainoleko ekonomiaren «etorkizun hobeak ere». «Petrolioaren, euroaren eta interes tasen bilakaerak jarduera ekonomikoa errazten dutela gehitu behar zaio horri guztiari», esan du Lujuak.

Confebasken esanetan, 2015. urtean «euskal lan merkatuaren hobekuntza sendotuko da», eta, hori dela eta, lanpostuen sorrera zein langabeziaren jaitsiera «bizkortu egingo dira». Horrela, urtea bukatzean, langabezia tasa %13,5ekoa izatea espero du, 2014an baino %1,7 gutxiago, eta Gizarte Segurantzan 22.000 afiliatu gehiago izango direla.

Miguel Angel Lujua «baikor baina zuhur» agertu da, zeren eta, EAE «garai berrian» dagoela ziur dagoen arren, oraindik «susperraldiaren bidea egiteko» dagoela uste du.