@Nagore belastegi
Donostia

EH 11 Kolore Aniztasunaren Festako txupinazoa Gora Gasteiz plataformako kideek botako dute

Ekainaren 6an ospatuko dute Donostiako Aniztasunaren Jaia eta aurten Gora Gasteizko kideek xenofobiaren kontra egindako lana txalotuko dute. Gastronomiak ere garrantzia izango du festa honetan, kulturaren parte bezala ulertuta. Helburua hiriko jatorri desberdinetako pertsonak batzea da.

Aniztasunaren Jaiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Aniztasunaren Jaiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 6an ospatuko du Donostiak Aniztasunaren Festa, hirian dauden kulturen elkarkidetasuna ospatzeko festa. Egun horretan ‘11 pintxo, 11 zapore’ ekimena izango da Alde Zaharreko zenbait tabernatan. Bakoitzak herrialde bat hautatu eta bertako gastronomia oinarrian izanik pintxo bana prestatuko dute bezeroei ohiko pintxo zerrendaren artean eskaintzeko.

Xabier Mendiguren EH 11 Kolore ekimeneko arduradunak esan du festaren 3. edizio honetan Gora Gasteiz plataformako kideak omenduko dituztela Aniztasunaren Festaren txupina botatzen utziz. «Xenofobiaren aurrean izan duten jarrera txalotu nahi dugu. Erakutsi dute Gasteiz irekiago bat posible dela», aipatu du. Txupinazoa 18.30ean botako dute eta horren ostean 11 Danbor Martxari ekingo diote. Konstituzio plazatik abiatuko da eta hiriko erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu, Donostia kolorez jantziz. Martxan parte hartzeko deia egin diete Euskal Herrian bizi diren guztiei, aniztasunaren alde danborrak astindu ditzaten.

Xose Antonio Vilaboa Eskualde Etxeen Federazioko presidenteak EH 11 Koloreren jaiaren barnean antolatu duten ekitaldiaren berri eman du. «Aurten 30 urte betetzen ditugu eta guretzat mugarri bat da honaino iristea. Jada 30.000 bazkide gara. Maiatzaren 31an Eskualde Etxeen Eguna ospatuko dugu. autonomia erkidego guztietako folklorea nahastu ohi da egun honetan», azaldu du.

Naiara Sampedro Donostiako Udaleko aniztasun arloko arduradunak ere eragile horrek antolatu ohi duen ‘Sukaldanitza’ gastronomia ekitaldiaren berri eman du. «Normalean Olatu Talkaren barruan antolatzen dugu, baina 2016 gerturatzen den heinean, zenbait gauza Udalaren programan txertatzen doaz eta hau horren adibide da. Hemendik aurrera aniztasun sailetik kudeatuko dugu», aipatu du. Hala, ekainaren 13an hiriko bederatzi elkarte gastronomikotan munduko zaporeen inguruko tailerrak eskainiko dira eta ondoren dastatu ahal izango da prestatutakoa. Tailer bakoitzean 10 lagunek hartu ahalko dute parte eta izena emateko azken eguna ekainaren 3a izango da.