NAIZ
GASTEIZ

LOMCEk jarritako proben aurkako mobilizazioek jarraitzen dute

Gobernu espainolak ezarri duen LOMCE legearen baitan ikasleek egin behar dituzten proben aurkako mobilizazioek jarraitzen dute Euskal Herrian.

LOMCEren baitako proben aurkako protesta, atzo, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
LOMCEren baitako proben aurkako protesta, atzo, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Corazonistas eskolaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur, ikastetxea LOMCEren baitako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako probak egiten ari delako susmoa dutelako.

Bertan bildu diren lagunek LOMCEren zein Lakuaren Heziberri programaren aurkako oihuak egin dituzte.

Salatu dutenez, aipatu probak LOMCE aplikatzeko lehen urratsa da. Azterketa horiek non eta zein modutan egingo diren esateko orduan Lakuako Hezkuntza Sailak gordetzen duen «sekretismoa» gogor kritikatu dute.

Izan ere, Cristina Uriarte sailburuak baieztatu egin zuen atzo proba horiek egiten hasi direla, baina ez zuen zentroen inguruko inongo daturik eman.

Atzo bertan, Zabalganako gurasoek agerraldia egin zuten jakinarazteko ez dutela baimenik ematen beren seme-alabei azterketa horiek egin diezazkieten. Santutxun ere, esaterako, mobilizazioa egin zuten.