NAIZ
KATMANDU

Nepalen egoera oso larria dela ohartarazi dute, lurrikara gertatu eta hilabetera

Nepaleko lurrikara gertatu zenetik hilabete igaro dela, gobernuz kanpoko hainbat erakundek ohartarazi dute milaka pertsonak oso egoera larrian jarraitzen dutela eta haurrak direla kaltetuenetakoak.

Lurrikararen ondorioz hildakoak oroitzeko kandelak piztu dituzte Katmandu hiriburuan. (Ishara S.KODIKARA/AFP)
Lurrikararen ondorioz hildakoak oroitzeko kandelak piztu dituzte Katmandu hiriburuan. (Ishara S.KODIKARA/AFP)

‘Nepalentzat argia’ deitu duten ekitaldi sinbolikoa egin dute gaur Katmandu hiriburuan World Vision erakundeak antolatuta, duela hilabete gertatu zen lurrikarak eragindako drama humanoa nabarmentzeko, eragin ekonomikotik harago.

«Guztiok dakigu zenbat hildako eta zauritu izan ziren –8.600 eta 16.800, hurrenez hurren–, baina jendea zenbaki bat baino gehiago da; aurpegia du, izena du eta familia du, eta elkartasuna behar du», azaldu du Liz Satour World Vision erakundearen Nepaleko zuzendariak.

Ohartarazi duenez, jende askok kalean bizitzen jarraitzen du eta horrela segiko du denbora luzean. Haurrak dira lurrikarak kaltetuenetakoak: «Ez dute ulertzen zer geratzen den; eskolen %80 suntsituta daude», esan du.

Haurrekin batera, urritasunen bat duten pertsonek ere laguntza behar dutela adierazi du, izan ere, askok beren gurpildun aulkiak edo protesiak galdu zituzten lurrikararekin, eta orain ez dute laguntzarik jasotzen. Erakunde horren arabear, zauritutakoen %10ek urritasun fisikoren bat du.

92,4 milioi euro

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) jakinarazi duenez, Nepalera berehalako laguntza bidaltzeko nazioarteko emaileei eskatu zizkien 415 milioi dolarretatik 92,4 besterik ez ditu jaso eta, horregatik, nazioarteko komunitateari dei egin dio laguntza gauzatu dezaten.

NBEren datuen arabera, 350.000 mila familiak beren etxea galdu dute eta horietatik 120.000k olanak jaso dituzte edo aldi baterako kanpalekuetan kokatu dituzte.

315.000 lagunek iristea oso zail den eskualdeetan jarraitzen dute; 1,9 milioi pertsonentzako janaria behar da berehala eta beste 1,5 milioirentzat laguntza higienikoa eta sanitarioa ezinbestekoa da.

Horretaz gain, 1,5 milioi emakume eta haurrek arreta espezifikoa behar dute, horien artean haurdun dauden 138.000 emakumek.