@arianekamio
Donostia

Karlos Linazasororen batuketa

Idazle tolosarrak bere ertz guztiak ‘Literatura hiztegi tekniko laburra’ lanean batu ditu. Aforismoak, mikroipuinak, lirika, filosofia... Bere ibilbidearen konpendioa dela nabarmendu du.

Karlos Linazasoro, ‘Literatura hiztegi tekniko laburra’ren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Karlos Linazasoro, ‘Literatura hiztegi tekniko laburra’ren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Joaten zara urteetan idazten eta gauzak kajoi batean sartzen. Eta kajoia beteta duzunean, lan horiek guztiak liburu batean nola argitaratu pentsatzen duzu». Karlos Linazasorok leporaino beteta zeukan urteetan bildutako materialez kajoi hori. Denbora horretan nekatuta sentitzen zela eta idazketa bera ere uzteko erabakia hartua zuela aitortu du gaur. «Literatura hiztegi tekniko laburra» kasik «liburu postumo» gisa ikusi zuen denbora horretan. Baina ez, ez dizkio literaturari ateak itxiko; ez du ziklorik amaitutzat emanen.

Lan «zirkularra» da gaur Donostian aurkeztutakoa. Eta bere ertz guztietatik egindako ekarpenez jantzi du. Aforismoak, mikroipiuinak, filosofia, poesia, obsesioak... «Ez dakit zenbat Karlos Linazasoro dauden, baina hemen daude denak. Agian besteren bat ere egongo da, baina oraindik ez dut ezagutzen, ez dut deskubritu», adierazi du.

Ez da izatez hiztegi akademiko bat, baina badu formula horretatik. Horrek ahalbidetu dio ertz horien guztien batuketan, eta bere barne obsesioaren gauzatzean; gauzak labur esatea, hain zuzen. «Behar-obsesioa da idazkera kasik aforistiko bat erabiltzea», nabarmendu du. «Printzez» betetako lana dela iritzi dio, tamainaz potoloa baina xehetutako barne elementuekin. Nobela, antzerkia, poesia... genero nahasmendu logiko baten baitan. «Genero batzuek nire piztia ateratzen dute eta beste batzuk, daukadan samurtasuna. Biak dira oso garrantzitsuak nire literaturan, biek egiten baitute talka», esan du.