NAIZ
BILBO

Ekintza sindikala «indartu eta berrituko» du LABek

Langileek bizi duten «prekarizazio» prozesuaren aurrean ekintza sindikala indartzeko dinamika aurkeztu du LAB sindikatuak. «Sindikatuon erronka ez da dagoenaren gainean langile batzuren egoera hobetzea, egoera bere osotasunean aldatzea baizik», nabarmendu dute.

LAB sindikatuko ordezkarien agerraldia Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
LAB sindikatuko ordezkarien agerraldia Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Bilbon agerraldia egin du LABek eta bertan eman du sindikatuak ekintza sindikala indartzeko abian jarri duen dinamika.

Salatu dutenez, langileei negoziazio kolektiborako eskubidea «lapurtu» diete. «Lehenagotik zetorren desarauketari, orain, enpresarien aldebakartasuna gehitzen zaio. Negoziazio kolektiboa ezinbestekoa da, bai, eta negoziazio kolektiboan eta hitzarmenak defendatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, baina ezin dugu gaurko joko arauetara mugatu», azaldu dute.

Zentzu horretan, langileek bizi duten «prekarizazio» prozesuaren aurrean erabaki berriak behar direla esan du LAB sindikatuak. Egoera aldatzeko «giltza» ekintza sindikala dela nabarmendu dute, «lantokietako borrokak indartzea, helburu berriak jarriz eta bide berriak irekiz».

Sindikalgintzaren inguruko gogoeta egiteko unea iritsi dela azpimarratu du sindikatu abertzaleak, «gure sindikatua etorkizunean nolakoa izango den erabakitzeko eztabaida ireki dugu».

Abian jarri duten dinamika iraunkor horretan, prekarietatearen aurkako borrokak «zentralitate osoa» izango du. Eskaintza hori lantoki guztietara eramango dute, sindikatuko delegatuen eskutik.

Bost zutabe nagusi izango dituztela azaldu dute: «kalitateko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara». Eremu horietan benetako neurriak hartuz errealitatea alda daitekeela baieztatu du LABek eta, hortaz, «enpresaz enpresa, eremuz eremu, beharren araberako ekimen desberdinekin» osatzen joango dira bidea.