Asier Aiestaran
Iurreta

Munduko onenak bilduko ditu aurten ere Emakumeen Birak

Gero eta gutxiago falta da emakumezkoen txirrindularitzak Euskal Herrian izaten duen asterik oparoena iristeko. Ekainaren 9an izango da Durango-Durango Saria eta ekainaren 10etik 14ra bitartean Emakumeen Biraren txanda izango da. Bost eguneko lasterketa atzo aurkeztu dute Iurretako udaletxean.

Biraren aurkezpena izan da gaur Iurretan. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Biraren aurkezpena izan da gaur Iurretan. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Bira asteazkenean hasiko da Iurretako kaleetan 1,9 kilometroko erlojupeko motzarekin. Eta ostegunean lehen etapa luzeari egingo diote aurre txirrindulariek: 96 kilometro Arrasaten hasi eta amaituta. Ibilbideko mendi zailtasun nagusia Kurutzetako gaina izango da, bigarren mailakotzat jo dutena.

Ostiraleko bigarren etapa Marurin hasiko da eta Fruizen amaitu, guztira 82 kilometro eginda eta Arrietatik bi aldiz pasatuta, hirugarren mailako mendatea. Bigarrena erabakigarria izan daiteke, helmugatik oso gertu jarri baitute. Gainera, egun bat geroago, txirrindulariek aurtengo etaparik luzeena izango dute jokoan, hirugarrena. Guztira 122 kilometro Iurretatik abiatu eta Iturmendin, Nafarroan, amaitzeko.

Eta lasterketa ez bada erabakita geratu ordurako, irabazlea laugarren eta azken etapa ezagutuko dugu. Markinan hasi eta amaituko da, 86 kilometroko ibilbidea izango du, eta azken txanpan Milloigane (3. maila) eta Lekoitzgane (2. maila) igo beharko dituzte ziklistek.

Hiru euskal talde

Antolatzaileek Biraren 28. ekitaldian parte hartuko duten taldeen zerrenda ere eman dute ezagutzera. Lointek, Bizkaia-Durango eta BZK euskal taldeekin batera, Rabo-Liv, Orica-Ais, Inpa Sottoli Giusfredi, Michela Fanini Rox, Fassa Bortolo, Bols Dolmans, Ale Cipollini, Poitou-Charentes, Lotto Soudal eta Bigla taldeak Iurretako irteeran izango dira. Espainiako selekzio batek ere parte hartuko du.

Jarraitu beharreko izenen artean egotea espero da, nola ez, Marianne Vos holandarra, munduko rankingeko burua; Pauline Ferrand-Prevot frantziarra, iazko garailea; edota Emma Johansson, hirugarren rankingean eta 2013ko txapelduna Biran.