NAIZ
GABIRIA

Eskola eta herri txikiek bizirik behar dutela aldarrikatuko dute ekainaren 14an Gabirian

Gipuzkoako Eskola Txikien XVIII festa ospatuko dute ekainaren 14an gabirian, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko.

Eskola txikiek bizirik eta herri eta auzo txikiek bizirik behar dutela aldarrikatuko dute ekainaren 14an Gabirian, Gipuzkoako Eskola Txikien festaren XVIII. edizioan, Aurten Balentzategi herri eskolako gurasoei egokitu zaie antolatzea.

Pilar Maritxalar Makilari guraso elkarteko kideak eman du egitarauaren berri. 10.30ean emango diote hasiera festari, plazan egingo duten aurkezpen ekitaldi batekin. Lau gune prestatu dituzte eta ikasleak taldeka guztietatik igarotzen joango dira, txandaka. Bi gunetan zenbait lanbide erakutsiko dira, hala nola perragintza, abarkagintza, gaztagintza, buztingintza eta lorezaintza, eta horretaz gain bola eta tokan jolasteko aukera izango dute. Beste bietan puzgarrietan ibiltzeko aukera izango da eta aurpegia eta txapak margotu ahal izango dira. Bazkaria, zirko ikuskizuna, apar festak eta dantza saioak osatzen dute egitaraua, beste ekintza batzuen artean.

Balentzategi eskolako zuzendari Ane Miren Aizpuruk nabarmendu duenez, egun 38 ikasle dituzte eta herriaren biztanleriaren arabera kopuruak gora edo behera egiten duen arren, herriarentzat bizigarri izaten jarraituko dute.

Ibon Elgarresta Gabiriako alkateak, ildo beretik, esan du herriak birizik jarrai dezan eta etorkizuna bermatzeko eskola ezinbestekoa dela, baita kultura eta euskara bermatzeko eta haurrak herriko giroan hazi daitezen.