NAIZ
GASTEIZ

Omenaldi jendetsua egin dio Murgiak Mikel Landari

Jendetza bildu da Mikel Landaren jaioterrian, Murgian, Italiako Giroan lortutako hirugarren postuarengatik txirrindulariari omenaldia egiteko.

Harrera jendetsua egin diote Mikel Landari Murgian. (ARGAZKI PRESS)
Harrera jendetsua egin diote Mikel Landari Murgian. (ARGAZKI PRESS)

Murgiako Udaletxe ataria mukuru bete da, Mikel Landa txirrindulariari harrera egiteko.

Auto batean egin du Landak etxetik Udaletxerako bidea eta han txalo artean hartu dute.

Aurreskua dantzatu diote, eta opari gisa txapel bat jaso du.

Hunkituta mintzatu zaie Landa komunikabideei, eta aitortu die ere harrituta zegoela herriko hainbeste jende ikusi duenean.

Bukatu berri den Italiako Giro honetan podiumera igo da 25 urteko murgiarra, Alberto Contador eta Fabio Aruren atzetik.

Bi etapa irabazi ditu Giroan eta bi garaipen horiek gogoratzeko argazkiak jarri ere dituzte Murgian.

Astana taldeko prentsa kabinetearen bitartez zabaldutako adierazpenetan, Landak adierazi du Espainiako Itzulia izango dela bere hurrengo helburua.