NAIZ
DONOSTIA

Saharan hobi komunak bilatu eta hildakoak identifikatzeko hitzarmena zabaldu du Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak zabaldu egin du Mendebaldeko Saharan gerra krimenen biktimentzat justizia bilatzen duen proiektuari ematen dion babesa. «Giza eskubideen aitorpenaren bidean emaitzak ematen jarrai dezan», Diputazioak 60.000tik 80.000 eurora handituko du finantziazioa.

Aranzadiko kideak, basamortuan aurkitutako gorpuzkiak aztertzen. (ARANZADI)
Aranzadiko kideak, basamortuan aurkitutako gorpuzkiak aztertzen. (ARANZADI)

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak astearte honetan erabaki du berrestea Lankidetza eta Garapenerako Zuzendaritzak Euskal Fondoarekin duen hitzarmena, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urreketak ikertzeko.

Aranzadi eta Hegoa elkarteetako Paco Etxeberria eta Carlos Beristain ari dira ikerketa lanetan, besteak beste, exodoa, zibilen aurkako bonbardaketak, lapurretak, bortxazko desagerpenak, tortura, bidegabeko atxiloketak edota manifestazioetan gehiegizko indarraren erabilera aztertzeko.

Gainera, hobi komunak aurkitu dituzte basamortuan eta gorpuzkiak identifikatu. Horri esker, Pablo Ruz Auzitegi Nazional espainoleko epaileak Marokoko 11 goi kargu militar eta poliziari Mendebaldeko Saharan genozidio delituak leporatzeko erabakia hartu du, Aldundiaren finantziazioarekin Beristain eta Etxeberriak prestatu zuten txostena oinarri hartuta.

Saharako herriaren giza eskubideen aitorpenean «aurrerapauso oso garrantzitsua» suposatu du proiektu honek, Aldundiaren esanetan. Horregatik, 60.000tik 80.000 eurora handituko du aurten finantziazioa foru erakundeak. Horrela, gorpuak lurretik ateratzen jarraitzeaz gain, giza eskubideen eremuan formazioa landuko da eta emakume sahararren egoerari buruzko ikerketa egingo da.

Proiektu honek erakusten du «benetan eraldatzailea den eta gatazketan eragin zuzena duen» lankidetza lana egin daitekeela, herrien sufrimendua arintzeaz gain «zapalketa eta deserria sorrarazten dituzten egituretan» eragin dezakeen lankidetza lana.