Gotzon ARANBURU
GABIRIA

Eskola txikiak

Gauza tristea da tabernarik gabeko herria edo auzoa. Are tristeagoa eskolarik gabekoa. Aurreneko egoera arraroa da Euskal Herrian, baina bigarrena gehiegitan ari da gertatzen; umeen zalaparta eta jolas hotsik aditzen ez den herria bizitzarik gabeko herria izatera berehala igarotzen da. Toki askotan, ordea, ez daude prest amore emateko, eta eskola txikiek bizirik eta indartsu irauten dute. Are gehiago, berriak jaiotzen ere ari dira han hemenka. Zeintzuk dira eskola hauen indarguneak? Zeintzuk erronkak? Bertatik bertara ezagutu ditugu.

Gabiriako Balentzategi eskola. (Gotzon ARANBURU)
Gabiriako Balentzategi eskola. (Gotzon ARANBURU)

Herri lasaia da Gabiria, Gipuzkoako Goierrin. Udaberriko goiz honetan inor gutxi dabil kalean, txorien kantua aditzen da plazan, eta tarteka pasatzen den autoren baten hotsa, baina bapatean eskolako atea ireki da eta ume mordoa irten da eraikinetik, hankak hautsi beharrean korrika. Jolasak eta oihuak plazan, kolpean biziberritu da herriko kaskoa.

Ane Miren Aizpuru da Balentzategi eskolako zuzendaria eta adeitsu eskaini digu jolas orduko tartea eskola txikien ezaugarriak azaltzeko. «Hasteko eta behin, eskola publikoak garela esan behar da. Ezaugarri amankomuna daukaten eskola publikoak: adin ezberdineko umeak gela berean egotea. Ikasle kopuruaren arabera, bi, hiru, lau… adin desberdin, maila desberdin, topatuko ditugu gelan» diosku. Herria hazten baldin bada, eta beraz ume kopurua, maila bakoitzeko gela bat osatzera heldu daiteke eskola, eta ordudanik «eskola txiki» izateari utzi egiten dio. Egun, 38 ikasle dabiltza Balentzategin.

Eskola herrian bertan edukitzeak, inguruko herri handiagoetakoetara joan beharrik ez izate horrek, «herritarrak sortzen laguntzen duela irizten diot, herri-nortasuna indartzea dakarrela. Neska-mutilak umetatik kanpora irteten badira ikastera, bada batzuek jaioterrian osatuko dute kuadrila eta txertatuko dira, bai, baina beste askok ikastera joan diren herri horretan egingo dituzte lagunak, hangotu egingo dira eta hara ohituko dira, eta poliki poliki jaioterriarekin duten lotura ahultzen joango da», dio Ane Mirenek. Hogeita hamar urte daramatza lanean irakasle gabiriar honek.

Eginkizun soziala

Eskola txikien eginkizun sozial edo kolektibo honetaz gainera, erantzunkizun pedagogikoa eta akademikoa ere hor dago, jakina, ikasle bakoitzaren garapenari dagokiona, eta beharbada zalantzak sorrarazi ditzake gela berean adin ezberdinak batze horrek. Baina barrutik ezagutzen dituztenek, esaterako Zeraingo eskolako Miren Makibar irakasleak, berehala uxatzen dituzte zalantza horiek. «Ni bestelako eskoletan ere, handietan, aritu izan naiz lanean, eta esango dizut eskola txikian erabiltzen dugun metodologia eta lan egiteko era direla ezagutu ditudan aberatsenak. Noizbait seme-alabarik badut, eskola txikira joatea nahiko nuke, bai horixe» esan digu.

Zeraingo eskola, eskola txikien artean txikienetakoa da, prototipikoa. Gauza asko egiten dituzte batera ume hauek, «eta bizitzan gertatzen den moduan, hemen ere gazteenek zaharrenengandik ikasten dute, baina alderantziz ere bai: txikienei erakusten dietenean ikusten dugu guk edukiak ondo barneratu dituztela helduenek. Hiru urteko bati irakatsi behar horrek aurretik oso ondo ikastera behartzen du sei urtekoa» azaldu digu Mirenek. Jakina, hainbatetan irakasleek moldatu egiten dituzte jarduerak, adin bakoitzeko umeei egokitzeko. Adibidez, talde orokor handia talde txikiagotan banatzen dute, eduki jakin batzuk irakasteko, edota bi irakasle aritzen dira batera gelan.

Eguerdia iritsi da eta bazkaltzeko ordua da. Bai Gabirian eta bai Zerainen herriko ostatuan bazkaltzen dute ikasleek, eskolatik salto batera. Zerainen bi begirale ari zaizkie laguntzen. Gaur dilistak tokatu dira eta ume batzuek ez dirudite oso pozik, baina begiraleek animatuta garbitu dituzte azkenerako platerak. Gutxi dira, hiruzpalau Gipuzkoan, herriko ostatua erabiltzen duten eskola txikiak, gehienek kanpotik ekartzen baitute janaria, horretan aritzen diren enpresek prestatuta.

Gurasoen inplikazioa

Aspaldidanik egon da eskola Zerainen, baina itxita ere egon zen urte batzuetan, eta duela 32 urte ireki zen egungo eskola, Eskola Txikiak sarekoa. Orduko hartan herriko guraso talde batek apustu egin zuen herrian eskola izatearen alde, eta Seguran zebiltzan seme-alabak berriro Zerainera ekarri zituzten. Haiek izan ziren aro berriko aurreneko ikasleak.

Gurasoen laguntza izaten dute Zeraingo eskolan. Guraso Elkartea osatuta dago, eta askotan biltzen dira, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko; basoan gaztainak biltzea dela, baserrian gazta egitea, udako bi eguneko irtenaldia… Gelan ipuinak kontatzeko ere prestatzen dira. Kanpotik etorritako gurasoak herrian integratzeko ere tresna baliagarria da elkartea.

Hiru seme-alaba dauzka Gabiriako eskolan Pilar Maritxalarrek. Zaharrenak hamaika urte ditu eta aurten bukatuko du Gabiriako ibilbidea. «Gu oso gustura gaude eskolarekin. Familia bat bezala da, eta edozein arazo sortzen bada irakasleak gainean daude eta berehala konpontzen dute» diosku. Hori bai, gurasoei dezenteko inplikazioa eskatzen die holako eskola txiki bateko partaide izateak; gutxienez hiruzpalau bilera egiten dituzte urtero, eta irakasleekin harreman estua daukate, bai eskolan sortzen diren beharretan laguntzeko eta bai eskolaz kanpoko ekimenak egiteko ere. Adibidez, ekainaren 14an ospatuko den Eskola Txikien Festaren antolakuntza gurasoen ardura izan da hein handi batean. Aurtengoan, berritasun pozgarria dakar festak, Ezkio-Itsasoko eskola txikiak lehenengo aldiz hartuko baitu parte, joan den irailean ireki baitzituen ateak, hamar ikasle eta bi irakaslerekin.

Betebehar berberak

Zentro publikoak izanik, eskola txikiek besteen betebehar, eskubide eta baliabide berberak dituztela azpimarratzen du Ane Mirenek. Geletan arbel digitalak erabiltzen dituzte, eta hirugarren zikloko ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarria dauka. Eginbeharrak, esaterako aplikazioak betetzea (matrikulazioa, garraioa, jangela…), eskola handietan bezalakoak dira, jartzen dituzten zenbakiak txikiagoak badira ere. Ez litzaieke gaizki etorriko laguntza gehixeago arlo jakin batzuetan, adibidez laguntza bereziko irakasleei edo administrazio lana egiteko laguntzaileei dagokionez.

Eskola txikiak Hego Euskal Herri osoan hedatuta daude, nahiz eta herrialde bakoitzean ezaugarri propioak izan. Araban, esaterako, kontzentrazio eskolen fenomenoa hedatuta dago; Bizkaian eskola txiki gutxiago dago; Nafarroan Sakanan eta iparraldean kokatzen dira gehienak; eta Gipuzkoakoen ezaugarria elkarren arteko koordinazio handia da, irakasle-koordinatzailea ere bai baitaukate, Lasarte-Oriako Berritzegunean. Aspalditik datorren gogoa da Hegoaldeko eskola txikien arteko harremana handitzea, eta bi urtero antolatzen dituzte jardunaldiak helburu horrekin, baina oraindik ere badago bidea egiteko.