NAIZ
BILBO

Herritarren bultzadari esker hizkuntza eskubideen egoera alda daitekeela esan du Behatokiak

Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak ‘Hizkuntza eskubideen egoera Euskal Herrian 2014’ txostena aurkeztu du, jasotako kexen bilduma egiten duena. Herritarren bultzadari esker hizkuntza eskubideen egoera aldatzea posible dela esan du Petriatik txostenaren aurkezpenean.

Txostena aurkezteko agerraldia egin du Behatokiak. (ARGAZKI PRESS)
Txostena aurkezteko agerraldia egin du Behatokiak. (ARGAZKI PRESS)

Petriatik azaldu du herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek agerian jartzen dutela «gero eta gehiago» direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta «gero eta determinazio handiagoarekin» ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari.

Aitzitik, errealitateak ez diela hori ahalbidetzen deitoratu du. «Urraketek herritarrari bazterketa, nahigabea, amorrua eta inpotentzia bezalako sentimenduak sentiarazten diote», esan du Petriatik.

Euskararen Telefonoaren bitartez jasotako bizipenak aintzat hartuta, Behatokiko zuzendariak esan du herritarra «oztopoei aurre egiteko prest» dagoela ikusi dutela, eta saiatzen dela konponbidea bilatzen eta egoera hori hobetzeko zerbait egiten. «Horretarako laguntza eta elkartasuna eskatu eta bilatzen ditu, eta horrela jotzen du Behatokira. Elkarlanean aldaketa eragin dezakegula ikusi ahal izan dugu», adierazi du.

Urraketak «testuinguru orokor baten baitan» ematen direla azaldu du Petriatik, eta «Euskal Herriko eremu administratibo guztietan» gertatzen direla, hau da, «estatu administrazio, administrazio autonomiko eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan».

Erantzuleak

Gainera, egoera horiek ez direla berez sortzen esan du, alegia, hizkuntza eskubideen urraketen atzean «erantzuleak» daudela, eta hauen jarreraren aurrean kritiko agertu da Behatokiko zuzendaria. «Erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean. Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea», salatu du.

Amaitzeko, bi deialdi egin ditu Behatokiko zuzendariak. Alde batetik, elkarlanerako deia egin du, euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa baita herritarren eta erakundeen konplizitatea, eta «helburu hori erdiesteko beharrezkoa da bakoitzak dagokion mailan eta dagokion esparruan bere ekarpena egitea».

Beste alde batetik, herritarrei abiatutako bidetik jarraitu eta hau intentsitate handiagoz egiteko gonbita egin die. «Herritarren presioa areagotu behar da. Ahaldundu, ez utzi pasatzen bat bera ere», nabarmendu du.