NAIZ
GASTEIZ

Hezkuntza Plataformen Topagunea: «2014-2015 ikasturtea inposaketen ikasturtea izan da»

Hezkuntza Plataformen Topaguneak «2014-2015 ikasturtea, inposaketen ikasturtea» izan dela adierazi du Gasteizen egindako balorazioan. Era berean, azpimarratu du LOMCE eta 3. mailako azterketari «planto» egitea lortu dutela, eta aurrerantzean ere bide horretatik segiko dutela lanean.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak Gasteizen egin duen agerraldia. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Hezkuntza Plataformen Topaguneak Gasteizen egin duen agerraldia. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Hezkuntza Plataformen Topaguneak (HTP) Gasteizen egin du urteko balorazioa eta azpimarratu egin nahi izan du «2014-2015 ikasturtea inposaketen ikasturtea» izan dela. Zentzu honetan, «Ipar Euskal Herriko ikastolen kontrako jazarpena, Ziburuko ikastolaren kasua, Nafarroan D ereduko irakasleen kontrako zorgin ehiza edota Euskal Herria aintzat hartzen duten testu-liburuen kontrako debekuak», aipatu dituzte.

Honekin batera, Heziberri plana eta LOMCE eta 3. mailako azterketak ekarri dituzte gogora, baina «planto» egin diotela goraipatuz.

«Beti esan dugu txikitasunetik urrats handiak ematen gabiltzala, eta hala da. HPT-tik 3. mailako azterketari planto egiteko deialdia zabaldu genuenetik ikaragarria izan da sortu den zalaparta. Hezkuntza eragileak posizionatu eta plantoarekin bat egin dute, herritarrak hezkuntzaren baitan antolatu eta aktibatu dira, eta Hezkuntza Sailburu ezberdinen amets gaiztoa izan gara azken asteetan», ospatu dute.

Era berean, aurrera begira ere lanean jarraituko dutela azpimarratu dute. LOMCE «ez aplikatzeko konpromisoa» eta «egunez egun gure hezkuntza sistema propioa» eraikitzea jarri ute jomuga. «Ozen aldarrikatu nahi dugu, indar nahikoa dugu aurten bezala datorren ikasturtean LOMCEri planto egiten jarraitzeko. Gure hezkuntzaren aldeko lana oztopatu dezakeen edozerri aurre egiteko muskulu nahikoa dugula erakutsi dugu, beraz, datorren ikasturtean ere Hezkuntza Sistema Propioaren alde lanean jarraituo dugu, eta beraz, LOMCEri planto egiten jarraituko dugu», amaitu dute.