Gotzon ARANBURU
LEGORRETA

Palestinatik gurera

Zirrara eragiten du entzute soilak: «Zuek bezalako umeei tiro egiten diete Israelgo soldaduek. Eta eskola hau bezalakoak bonbardatzen». Legorretako eskolan entzundakoa da, Palestinan bizi den Aida Arregiren ahotik. Betleemgo errefuxiatu eremutik hemeretzi lagun etorri dira Euskal Herrira, hango dantzak erakustera, eta batez ere hango errealitatea guri kontatzera. Gorriak ikusitakoak dira gazte hauek, baina Euskal Herrian lagun artean daudela nabari dute eta irribarrea erraz ateratzen zaie.

Betleemgo errefuxiatu eremutik etorritako palestinarrak, Legorretako Ugaro eskolan. (Gotzon ARANBURU)
Betleemgo errefuxiatu eremutik etorritako palestinarrak, Legorretako Ugaro eskolan. (Gotzon ARANBURU)

Zisjordanian dago Betleem, eta Betleemen Aida errefuxiatu eremua, ia sei mila pertsona hartzen dituena. Israelek eraikitako hormak inguratuta dago ia erabat. Eremu horretako kultur zentroak antolatuta, urtero irteten da atzerrira gazte multzo bat, eta aurten Euskal Herrira iritsi dira, israeldarren zapalkuntzapean bizitzea zer den azaltzera. Madrilen egon dira aurreko egunetan, eta gustura, eman dituzten hitzaldietara jende asko hurbildu delako, baina onartzen dute Gipuzkoara iristean arnasberritu egin direla, hemengo berdearekin eta hemengo freskotasunarekin. Ingelesez hitz egiten dute, eta Aida Arregi beasaindarra ari zaie itzultzaile lanak egiten.

Beasaingo zazpi familiatan hartu dituzte gazte palestinar hauek. Horrela, elkarren ezagutza askoz sakonagoa da. Jakina, haien herrialdean bizi duten egoera krudelaren testigantza jaso dute zuzenean familia hauek, baina baita palestinarren eguneroko bizitzako ohiturak ezagutu ere; esaterako, Ramadan garaia da orain, eta baraua nola errespetatzen duten ikusi dute egunotan. Gazte palestinarrek prestatutako afaria ere dastatu ahal izan dute Beasainen.

Legorretako Ugaro eskolara egin dute aurreneko bisita. Oso ondo prestatuta zeukan eskolak ongietorria –aurresku eta guzti– eta ingelesez egin dizkiete galderak umeek. Erantzuna ulertzeko Arregiren laguntza izan dute. Testigantza latzak izan dira, eta ume eta irakasle, denak, harrituta geratu dira, soldadu israeldarrek palestinarrak zein ankerki tratatzen dituzten entzunda. Banaketa hormatzarrak zer suposatzen duen, chekpoint-ak igarotzean jasandako umiliazioak, soldaduek zein erraz egiten duten tiro heldu eta umeen aurka, gauez Betleemgo errefuxiatu eremuan sartzen direnean zer izu sortzen duten… Bisitan etorritako dantzarietako bik jasoak dituzte tiroak; Samerren anaia hil egin zuten, beste batzuek sendikoak kartzelan dituzte, Sabrinen aitak hamabost urte eman zituen giltzapean… «Zaila da errepresioa oso gertutik jasan ez duen palestinarrik aurkitzea» azaldu du Aidak.

Entzule dituzten umeen adineko palestinar asko traumatizatuta bizi dira, ikusi eta jasan dutenaren ondorioz. Lo egiteko arazoak, eskolan kontzentratzeko ezintasuna, beldurrak… arazo horiek denak ohikoak dira errefuxiatu eremuetan. Horixe da Aida Kultur Gunea lantzen ari den arloetako bat, laguntza sikologikoarena. Orain dela gutxi Jordanian izan dira elkarteko hainbat kide, traumak dituzten ume eta gazteekin lana nola egin ikasten.

Dabka dantza, aldarrikapen kutsuarekin

Dantza da palestinarrek erabiltzen duten tresnetako bat, bai gorputza askatzeko eta bai haien aberria eta kultura aldarrikatzeko. 1948 aurretik –urte hartan hasi zuten israeldarrek palestinarren garbiketa etnikoa eta kanporatzea, Nabka izenez ezaguna– dabka dantza ospakizun eta jai adierazpena zen. Okupazioaren ondoren, ordea, aldarrikapen kutsua ere hartu du, Israelek palestinar nortasun kulturala ere ezabatu nahi baitu, dantzak eta musika barne. Oso hunkigarria da palestinarrentzat dabka dantzatzea, baita ikuste soila ere. Legorretako kiroldegian konprobatu ahal izan dugu hau. Ordura arte motel samar zeuden palestinarrak ere bapatean berpiztu dira dantzaren abestia bozgorailutik ateratzen hasi den bezain pronto, eta handik aurrera dena izan da jauzi, ixkin eta itzuli. Erakustaldia egin ondoren, eskolako ume eta irakasleak talde txikitan banatu dira eta horietako bakoitzean neska-mutil palestinar bat sartu da, dabkaren oinarrizko pausuak erakustera.

Aida Arregik bi urte daramatza Betleemgo errefuxiatu eremuan bizitzen. Udako lan kanpamendu batean egon zen aurrena, bi astez, eta gero itzuli egin zen. Bi urteotan ondo ezagutu ahal izan du palestinarren errealitatea, eta zapalkuntza jasanezina dela ikusi du. Gaza oraindik ere txikituta dago, azkenengo gerraren ondorioz, eta jende asko bizi da kalean. Zisjordanian israeldarrak gero eta lur gehiago ari dira bereganatzen. Eta Israelen barruan bizi diren palestinarren –bostetik bat– egoera ere okertzen ari da azken garaiotan, Benjamin Netanyahuk inoizko gobernurik eskuindarrena osatu berri baitu. Gerra hotsak berriro aditzen hasi direla esan digu beasaindarrak.

Kazetarien gaineko jazarpena

Euskal Herrian dabilen taldeko kideetako bat Mohammad Alazza da, kazetaria. Ondo daki zer den errepresioa. «Beti izan da zaila kazetari palestinarrontzat gure herriaren errealitatea kontatzea. Kamera bat ikusi orduko, soldaduek eraso egiten dute, ez baitute nahi inondik inora han gertatzen dena munduak ezagutzea. Kamara puskatzea eta heriotza mehatxuak ohikoak dira», dio. Baina duela bi urte, 2013ko apirilean, erasoa bete betekoa izan zen. Manifestazio bat kubritzen ari zela, bertatik bertara gomazko pilota bat tiro egin zion soldadu batek aurpegira, eta larri zauritu zuen. Etxetik ihes egin zuen bi hilabetez, eta itzuli zenean atxilotu egin zuen Armada israeldarrak. Ondoren ere jazarpen etengabea jasaten ari da. Ebakuntza egin ondoren ikusmen asko galdu duela konturatu da Alazza: «Lausotuta ikusten dut eta zaila egiten zait orain argazkiak ateratzea edo filmatzea. Baina ez dut etsiko. Tiroa jo zidan soldaduak indarberritu egin ninduen, nolabait ere, jasaten ari garena nazioarteari kontatzen segitzeko kemena eman zidan. Badakigu Israelek eragin izugarria duela munduko hedabide askorengan, baina gu ez gara ixilik geratuko». Bidaia hau mediku laguntza jasotzeko ere baliatuko du Alazzak. 

Goierrin bakarrik ez, Donostian, Tolosan, Iruñean eta Durangon ere izan dira egunotan gazte palestinarrak. Toki guztietan ere, mezua bera izan da: laguntza behar dute Israeli aurre egiteko. Eta etsaia ez da nolanahikoa, jakina denez. Potentzia bat da, eta gainera Estatu Batuen erabateko babesa du. Nola lagundu palestinarrei? Batetik, informazioa jasoz eta zabalduz, jendeak kontzientzia har dezan. Eta bestetik, BDS mugimenduarekin bat eginez. BDS (Boikota, Desinbertsioa eta Santzioak) mugimendua Palestinan bertan sortua da, eta Israelek ekoiztutako edozein produkturi boikota egitea, han inbertsiorik ez egitea, eta palestinarren kontrako errepresioa eteten ez duen bitartean nazioarteak zigorrak jartzea eskatzen du. «Ez da israeldar herritarren aurkako kanpaina –argitu du Arregik– baizik eta palestinarrak zapaltzen dituen Estatuaren kontrakoa. Esaterako, ez dugu eskatzen Israelgo kirolari edo artista guztien aurkako boikota, baizik eta errepresioari txalo egiten diotenen aurkakoa». Noa abeslari famatua da horietako bat, adibidez.

Ari da bukatzen Legorretako bisita. Familia argazkia egiteko garaia da, eta umeak ‘Gure esku dago’ abesteari ekin diote kiroldegian, eztarriak urratu beharrean. Palestinarrek ezin dute abestu, jakina, baina pozaz kutsatu dira eta txalo eginez laguntzen dute. Denek elkarrekin jauzika eta oihuka amaitu dute; palestinarrek, haien lepoko zuribeltzak astindu eta garaipenaren «V»a marraztuz hatzekin.