NAIZ
IRUN

EH Bilduk eta Arartekoak alarde parekideari harrera egitea eskatu diote Irungo alkateari

EH Bilduk eta Arartekoak bihar Irunen ospatuko den alarde mistoari harrera egiteko eskatu diote Jose Antonio Santano herriko alkateari. Era berean, koalizioak osatu berri den Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Manuel Lezertua Ararteko berriari luzatu die eskaera.

Irungo iazko alarde parekidea.(Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Irungo iazko alarde parekidea.(Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren batzarkide taldeak eskaera zuzena erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eider Mendoza BNetako presidenteari, eta osatu berri den Gipuzkoako Foru Aldundiari, Markel Olano diputatu nagusiari, Irunen eta Hondarribian izango diren alarde parekideetako konpainiei, erakunde harrera ofiziala egin diezaieten. Eskaera bera luzatu dio Jose Antonio Santano Irungo alkateari, non bihar ospatuko den alardea.

«Oraindik ere Irun eta Hondarribiko alardeak emakumeen eskubideen urraketen esparruak izaten jarraitzen dute. Aurrerapauso nabarmenak eman diren arren, oraindik ere alarde parekideak ez du erdietsi alor instituzionalaren erabateko babesik eta errekonozimendurik», adierazi dute ohar baten bidez. 

Berdintasunaren aldeko borroka honetan instituzioek duten garrantzia nabarmendu dute: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Gipuzkoako esparru guztietan gauzatu dadin, erakundeetako ordezkariok lider izan behar dugula uste dugu EH Bildutik, eta horregatik atzerako pausurik eman gabe aurrera egiten jarraitzea dagokigu», adierazi dute.

Eta bide honetan PNVk eta PSEk ez direla lanean ari iritzi dio koalizioak. «Irunen eta Hondarribian, bizkar eman diote emakume eta gizonen berdintasuna gauzatzen duen ariketa praktikoari,  jai parekideari», gehitu dute.

Arartekoak harrera ofiziala eta «gerturatzeko keinu bat» eskatu dio Santanori

Eskaera bera egin diote Ararteko izendatu berri duten Manuel Lezertuari. Arartekoaren erakundeak berak ere eskatu dio Santanori «gerturatzeko keinu bat» alarde parekidearen alde. Honela, harrera ofizial egin beharko liekela iradoki dio.

Zentzu berean, bere babesa agertu nahi izan die «alarde parekidearen alde lanean aritzen diren guztiei». Honela, azpimarratu egi ndu gizartearen zati handi batek «erakutsi egin ditu haustura sozial honekin amaitzeko gogoak».