NAIZ

Ostegun goizean Espainiaratuko dutela adierazi diote Oier Oari

Mezu bidez Oier Oak berak jakinarazi du ostegunean Espainiaratu asmo dutela eta 9.20tarako Madrilen egotea espero duela. Mediabask-ek berarekin hitz egin ahal izan du iragarpena berresteko eta frantziar agintariek ahoz jakinarazi diotela adierazi du donostiarrak, ez da idatzizko baieztapenik. Apirilean utzi zuten aske, asignazio zorrotza ezarri zioten eta bere aurka Espainiak zuen auzia artxibatu ostean atxilo hartu zuen berriz Parisek, kanporatzeko.

Oier Oa.
Oier Oa.

Ostegunean amai daiteke aske utzi zutenetik Oier Oak bizi izan duen egoera korapilatsua. Telefonoz, mezu bidez, donostiarrak berak jakinarazi du ostegun goizean Espainiaratuko dutela: «Uztailaren 2a osteguna 9.20an iritsiko naiz Madrila. Besarkada bat denoi! Oier». Mediabaskek Oarekin hitz egin ahal izan du eta iragarpena ahoz jakinarazi diotela Frantziako agintariek baieztatu du. Ez da idatzizko berrespenik, hala ere.

Erretentzio zentro batean da oraingoz Oa, ekainaren 17an berriz atxilotu zutenetik. Apirilaren 4an utzi zuten aske Frantziako Estatuan ezarritako zigorra bete ostean. Hala ere, ez zen aske erabat, asignazio zorrotza ezarri baizioten Paris inguruan. Espainiako Auzitegi Nazionalak aurreko auzi batengatik egindako euroagindu eskaria ukatu zuen Versallesko auzitegiak, beraz, nahiz eta Parisek ezarritako zigorrak Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua izan bere baitan, ezin izan zuten Espainiaratu.

Asignazio egoeran izan da Oa, Saint-Germain-en-Laye herrian lehenbizi eta Sartrouvillen gero. Bietan ere baldintza oso zorrotzetan izan da donostiarra eta horren ondorioz oihal etxe batean lehenbizi eta autokarabana batean gero, bizi behar izan du.

Ekainaren 5ean, uste gabean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurka 2012an irekitako auzia artxibatu zuela ezagutarazi zen. Erabaki horrek asignazioa eragin zuen euroaginduaren ukapena bertan behera utzi zuen eta bi astera berriz atxilotu zuen Parisek, kasu honetan Espainiaratzeko. Ostegunean Madrilera iritsiko da Oa eta okerrik ezean, Donostian jaioterrian behar luke ostegunean bertan.