NAIZ
GASTEIZ

Hezkuntza komunitatearen aktibazioa nabarmendu du EH Bilduk urteko balantzean

EH Bilduk hezkuntza urtearen balantzea egin du, hezkuntza komunitatea eta herritarren mobilizazioa goraipatu eta nabarmenduz. UPNk hasieratik LOMCE babestu duela eta EAJk, aurka agertu arren, behin eta berriz aplikatu duela azpimarratu dute.

Belen Arrondo eta Esther Korresen agerraldia Gasteizen. (EH BILDU)
Belen Arrondo eta Esther Korresen agerraldia Gasteizen. (EH BILDU)

«Inposaketaren aurrean, herritarren aktibazioa eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko adostasun politikoa» nabarmendu du EH Bilduk hezkuntza urtearen balorazioan. Honela «LOMCEren inposaketak markatutako urtean», hezkuntza komunitateak jokatutako paperaren garrantzia goraipatu dute.

Belen Arrondo eta Esther Korresek egin dute agerraldia Gasteizen. Bertan, UPNk Nafarroan eta EAJk EAEn duten erantzunkizuna salatu dute. «UPNren Gobernuak hasieratik alde azaldu zen eta aplikazioari ekin dio buru belarri. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzak eta EAJk, behin eta berriro LOMCEren kontra dagolea esan izan badu ere, behin eta berriro aplikatu du», adierazi dute. Honen aurrean, biek ala biek «Madrilekiko sumisioa» agertu dutela gehituz.

Hauei aurre egiteko, aldiz, «bide propioa egitea» aldarrikatu dute eta datorren ikasturtean proposamen politikoa zehazteko «prosezu parte hartzaile eta zabala» egingo dutela iragarri.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, «euskal hezkuntzak pairatzen jarraitzen duen aitortza eza» salatu dute eta Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren kasua ekarri dute gogora. Hala ere, ikastolak bere horretan jarraituko dutela ospatu dute, «herri ekimenari esker».