MEDIABASK
BAIONA
Elkarrizketa
Jean-François Lefort ‘Lof’
Sortuko koordinatzailea Ipar Euskal Herrian

«Pilota Parisen teilatuan dago. Urteetako borroka kapitalizatzeko unea heldu da»

Jean-François Lefort «Lof» Sortu alderdiko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea da. Joan den ekainaren 11n Parisen iragan zen Euskal Herriko Bakearen Aldeko Konferentzia Humanitarioan parte hartu zen.

Jean-François Lefort. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Jean-François Lefort. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Parisko Konferentziaren zer-nolako balantzea egiten duzu?
Arrazoi askorengatik, bake prozesuaren eraikuntzarako une oso garrantzitsua izan da. Euskal Herria aho batez zuzendu zaio Parisi. Max Brisson, Frédérique Espagnac eta Jean Jacques Lasserren hitzak Aieteko eta Baionako adierazpenek sortutako elkarrizketarako espazioaren baitan kokatu behar dira. Talde horrek, Asanblada Nazionaletik, Paris eta Vallsen Gobernua aho batez interpelatu du gatazka konpontzeko; prozesua indartzeko eta berau sinesgarria izan dadin gisa horretako adostasuna egotea ezinbestekoa da. Parisek ezin du jada historikoki izan duen jarrera mantendu eta gatazkan ardurarik ez duela esan. Aieteko eta Baionako konferentziek gatazkaren eragile nagusien artean kokatu dute. Ekainaren 11n, Ipar Euskal Herrian gehiengoa osatzen duen iritzi korronteak frantses Estatua zuzenean interpelatu zuen, baina baita prozesuaren alde dagoen Frantzia mailako legelariz, politikariz, artistaz eta intelektualez osaturiko iritzi korronte berri batek ere. Frantses Gobernuari ez diote, prozesua dela eta, sekula ere horrelako indarrarekin deitu atentzioa, eta, ezaxolakeriaz erantzungo balu, Euskal Herriko herritarrentzat ulergaitza litzateke, baita konferentziarekin bat egin duten militante, politikari eta diputatu anitzentzat ere. Bestalde, konferentzia honek, presoen egoerari eta armagabetze adostu eta planifikatuari irtenbidea aurkitzeko, aldebiko edo aldeanitzeko elkarrizketa abian jarri behar dela agerian utzi du. Problematika bera ezagutu duten hizlari guztiek, izan Irlandakoak, Hegoafrikakoak edo beste, aldebiko akordioetara eramanen duten aldebiko elkarrizketak martxan jartzeko garaia dela azpimarratu dute.

Esan nahi baita?
Gaur egun pilota Parisen teilatuan dago. Parisek prozesu honetan eragile konstruktibo izateko elementuak, informazioa eta medioak ditu.

Datozen Espainiako hauteskunde orokorretan PSOEk irabaziko balu, egoera desblokeatuko litzatekeela uste duzu?
Egia da gobernu aldaketa gertatzen denean egoera ere aldatu ohi dela, baina ez dago esaterik Alderdi Sozialistak jarrera aldatuko duenik, ez dugu hori baieztatzeko elementu objektiborik. Ondorioz, Parisek ere bere erantzukizuna du. Paris bere engaiameduaren arduraduna da eta ezin du Madril ez engaiatzearen atzean gorde. Itxarotea ez da aterabidea. Ezker abertzaleak Parisen engaiamendua ahalbidetzen duten aldebakarreko erabaki asko hartu ditu, eta, orain, Madrilek hautatuko duen bidea edozein dela ere, frantses Gobernuari dagokio bere ardurak bere gain hartzea eta prozesuan sartzea. Parisek ezin du gehiago argumentu horien atzean ezkutatu, Espainiako Estatuan aldaketa heldu edo ez mugitzeko ardura berari dagokio. Gainera, Estatu espainiarra Euskal Herrian eta Katalunian sortzen ari den independentziaren aldeko indar metaketaren beldur da; bake prozesuan urratsak emanen balitu mugimendu horren indartzea ekarriko lukeen beldur da. Gaur egun konfrontazio politikoko maila gorenean gaude Madrilekin, baina ez bake prozesuari dagokionez, euskal populuaren etorkizunari dagokionez baizik. Ezker abertzaleak jorratzen duen eskemak, euskal populuarentzat independentziaren ateak irekitzea du helburu, eta, testuinguru hori kontuan hartuz, ez dugu pentsatu behar Madrileko gobernu zentralak bake prozesuan amore emanen duenik. Alderantziz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarenganako presioa eta errepresioa areagotzen ari da Madril, presoen gaian malgutasuna erakutsiz gero askapen mugimendu osoari hauspoa emango liokeela baitaki. Horren ondorioa presoen inguruan borroka latza dagoela da; beste behin ere, presoak, Euskal Herriaren askapen borrokaren aurka ekiteko tresna dira.

Zeintzuk dira konferentzian azaleratu diren lehentasunak?
Hizlari guztiek lehentasuna presoen gaia dela aldarrikatu dute. Baita irmoki aldarrikatu ere. Sinn Feineko ordezkariak azpimarratu bezala, bake prozesu bat ezin liteke presoen parte hartzerik gabe burutu. Presoak jorratu beharreko estrategian zeresan handia duten militante politikoak dira. Konferentziak presoak eztabaidaren muinean direla berresteko balio izan du, eta hori guztiek onartu duten kontua da. Hartara Gabi Mouescaren mintzaldia gogoratzeko modukoa izan da. Batetik, edukiagatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abian jarri beharreko presoen askapen prozesua definitu eta prozesuak izan beharreko urratsak zeintzuk diren adierazi baitu. Bestetik, Gabi Mouescak, bere parte hartzearen bidez, Presoen Kolektiboaren ahotsa presente izatea ahalbidetu duelako. Kolektiboko bi bozeramailek, Mikel Albizu eta Sole Iparragirrek, salbuespenezko baimen eskaera egin zuten konferentzian mintzatu ahal izateko, baina ukatu egin zitzaien. Horregatik bermatu behar izan du Gabi Mouescak, bere ahotsaren bidez, euskal presoen presentzia. Modu horretan, Kolektiboak eragile zuzen eta konstruktibo izateko borondatea aldarrikatu du, eta, era berean, bake prozesuaren eragile nagusitzat jo dezatela eta bere jarduera politikoa bermatzeko neurriak hartu daitezela eskatu du.

Armagabetzearen urratsa ere hor dago. Zeintzuk izan dira ateratako ondorioak?
Armagabetzea aldebiko akordioaren ondorio baizik ezin da izan. Gobernuek ETArekin eseri eta armagabetzea adostu beharko dute, armagabetze seguru eta planifikatu batez hitz egin beharko dute. Orain aste batzuk Biarritzen egindako operazioari eman dakiokeen erantzun onena litzateke. Estatuek, operazio horren bidez, zera adierazi nahi izan dute: ez dela armagabetze adosturik izanen, sinpleki indar polizial soilak ekarriko duen ETAren amore ematea baizik. Konferentziako hizlari guztiek «hori ezinezkoa da!» esan dute. Ez da inon horrelakorik ikusi. Ez da gaitasun polizial kontua, bai, aldiz, sakonekoa eta epe luzekoa izanen den konponbide prozesu bati bermea jartzearena. ETArekin militarki bide polizialetik bukatuko dela pentsatzea epe motzeko ikuspegia edukitzea da. Gatazka noizbait behin betiko konpontzea nahi badugu, bide hori ezin du inork hartu. Epe motzeko ikuspegia da. ETAk, ohar baten bidez, bake prozesuaren aurkako ekintza zuzen gisa definitu duen operazio hori salatu du, eta, zehazkiago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen kontrolpean antolaturiko armagabetze prozesuaren aurkako ekintzatzat jo.

Orain gutxi, ehun preso ohi baino gehiagok gatazkaren konponbidea amnistia lortzearekin soilik hel zitekeela zioen adierazpena plazaratu zuten. Zer deritzozu?
Ez du inork amnistiaren aldarrikapena baztertzen, ez behintzat ezker abertzaleak. Eztabaida ez da amnistiak bere lekua duen edo ez jakitea; prozesu baten azken urratsa izanen da. Baionako Adierazpenean eta Bagoazen sortze dokumentuan jasota dagoen aldarrikapena da eta Gabi Mouescak, bere agerraldian, Kolektiboaren gaurko aldarrikapen gisa aurkeztu zuen. Haatik, galdera batzuk daude airean: «Zein da adierazpen horren benetako asmoa? Ez du bake prozesuarekiko kritika orokorrago bat gordetzen?». Kontua argi dago: «Bake prozesua bai ala ez?». Izan ere, izenpetzaileen artean ezker abertzaleak hartutako erabaki estrategikoen aurka den jendea aurki genezake. Horretarako eskubidea dute eta haien ardura da. Baina, bake prozesuari dagokionez, ezin daitezke inolaz ere ezker abertzalearen baitan borroka bat eramateko tresna gisa presoak edo amnistia erabili. Bestalde, presoekiko gure bide orria jasota dago: “nola egin” askatze prozesu bat abian jartzeko, amnistia gatazkaren kausak eta jatorria konpontzean soilik iritsiko baita. Egun lehen urratsa presoak hurbiltzea, elkartzea eta espetxe onurak eskura ditzaketenak eta gaixorik daudenak askatzea lortzea da. Presoak ateratzen hasi behar dira. Adierazpen horren atzean gogo konstruktiboa izatea espero dugu.

Modu zabalago batean, zatiketa arriskurik badago?
Euskal Herria aho batez mintzatu denez, Konferentzia oso ontzat jo da eta ez adierazpen horrekiko soilik. Erronka bat dugu aurrean: bake prozesuaren sinesgarritasuna eta ezker abertzalearen sinesgarritasuna gure arteko batasunari eta lan esparru berean jarduteko eta aho batez mintzatzeko ahalari loturik daude. Gaur egun paraleloki garatuko litzatekeen dinamika bat bake prozesuaren interesak kaltetuko lituzkeen elementua izan ahalko litzateke. Prozesuaren eboluzio eza justifikatzeko, prozesuaren aurka daudenen eskura legokeen tresna gisa erabilia izateko arriskua dago. Ekintza guztiek ondorioak dituen prozesu batean gaude. Ez dugu tranpan erori behar.

Ondorioz?
Parisen jarrera aldaraziko duen indar harremana sortzeko irtenbidea Euskal Herriko indar metaketa dela deritzogu. Baltsan jarriak diren lan espazioengan anitz sinesten dugu, presoen eta iheslarien etxeratzeko bide orria plantan ezartzea helburu duen Bagoaz kolektiboarena adibidez. Goiz hala berant Paris jarreraz aldatzera eramanen duen indar harremana sortu nahi badugu, elkarrekin ekiteko garaia da. Horretan sinesten dugu. Parisko Konferentziak eta Ipar Euskal Herriko mobilizazioek Paris interpelatzeko egoera ondua dagoela frogatu digute. Urteetako borroka kapitalizatzeko ordua da.