NAIZ
BILBO

Baserritar bat zendu da Igorren, traktorearekin istripua izan ondoren

Igorreko auzokidea den 71 urteko baserritar bat zendu egin da ostiral honetan, basoko bide batean traktorearekin istripu bat izan ondoren, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ezbeharra arratsaldeko 15.00ak aldera gertatu da, ostiral honetan, Igorreko Mikele Deuna auzoan, orain ikertzen ari diren arrazoiengatik, 71 urteko gizon batek bere traktorearekin istripua izan duenean.

Osasun langileak eta Ertzaintzako agenteak istripua gertatu den tokira joan dira, baina ezin izan dute ezer egin gizonaren bizia salbatzeko.

Gorpua auzitegiko medikuarengana eraman dute jada, autopsia egiteko.