NAIZ
UTRECHT

Rohan Dennis australiarra da Tourreko lehen liderra

Abian da Frantziako Tourra eta lider nagusien lehian ondorio gutxi ikusi dira erlojuaren aurkako 13 kilometroko etapan. Rohan Dennis australiarrak irabazi du etapa eta bera da lehen liderra. Lider nagusien artean tarte nabarmenik ez da sortu, Nibali izan da hauetan azkarrena. Jonathan Castroviejo izan da lehen euskal herritarra (6. 23 segundora) [sailkapena]

Rohan Dennis gaurko etapan. (Eric FEFERBERG | AFP)
Rohan Dennis gaurko etapan. (Eric FEFERBERG | AFP)

Rohan Dennis australiarrak irabazi du Frantziako Tourrari abiada eman dion Utrecht-eko (Herbehereak) lehen etapan. 13 kilometroko erlojuaren aurkakoan lider nagusien artean ez da tarte esanguratsurik izan, Vincenzo Nibali izan dan arren faboritoetan lehena, uste baino denbora okerragoarekin, ordea, ziur aski.

Nibali baino denbora hobea egin dute kinieletan onenen artean ez egon arren Tour oso ona egin ahal dutenetako batzuk. Robert Gesink, adibidez, Nibali baino 10 segundo hobeto egin du bere lana. Dennisengandik 43 segundora iritsi da Nibali, 7 segundo beranduago Christopher Froome (+50), 8 gehiagora Contador (+58) eta  3 gehiagora Nairo Quintana (1' 01").

Jonathan Castroviejo, lehen euskal herritarra

Euskal herritarren artean denbora onena Jonathan Castroviejo izan da, seigarren denbora onena egin du, etaparen irabazlea baino 23 segundo gehiago.